Ugaitz Alegria eta Iñaki Maruri aktore ondarrutarrek parte hartzen duten
Pinotxo familia antzerkia ikusteko aukera egongo da domekan [azaroak 11], 16:30ean, Elgoibarko Herri Antzokian. Eta emanaldi horretarako HITZAk bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu harpidedunen artean.
Maitane Zalduegi-Viar da Glu Glu ekoiztetxearen obraren zuzendaria eta koreografiaren arduraduna, testua aldiz,
Galder Perezek egin du.
Maruri musika zuzendaria ere bada, eta
Alegria zuzendari laguntzailea. Gainontzeko aktoreak ondokoak dira: Itxaso Quintana, Jon Casamayor eta Andrea Covadonga. Argitu dutenez, Maruri eta Alegria txandaka ibiliko dira antzezten.
Obra urriaren 7an estreinatu zuten Gernika-Lumon, eta ordutik herriz herri ari dira emanaldiak eskaintzen. Esan dutenez,
Pinotxo dantza eta musika ardatz dituen familia guztiari zuzendutako antzerkia da.
Iñaki Maruri, eskuman, ‘Pinotxo’ antzezlanean parte hartzen. Argazkia: Glu Glu.
Sinopsia. Carlo Collodiren ipuin klasikoa da antzezlanaren abiapuntua. Geppetto bakarrik bizi den zurgin zaharra da. Halako batean egur zati magikoa iritsiko zaio. Egur zati horrekin egurrezko txotxongilo bat sortuko du, eta Pinotxo izena jarriko dio. Sortutako, ordea, ez da edonolako txotxongiloa izango. Bere kabuz ibili eta hitz egin dezake Pinotxok, eta horrela, Geppettok semetzat hartuko du, pozarren. Egurrezko semea, baina, ez da ume zintzoa izango.
Hamaika abentura bizi eta gero, Pinotxok gezurrak hanka motza duela ikasiko du. Horrez gain, bidean topo egindako aurrenekoarekin fidatzeak izan dezakeen arriskua jabetuko da. Baina azkenean, bere bihotz onagatik benetako ume bihurtzea lortuko du.