Goizetik hasita gauera arte, erabateko festa giroa eragiteko asmoz dator aurten Katu Baltz jaia. Eta horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute
zapaturako [azaroak 10] Katu Baltz taldeko kideek, herriko Aittitta Txiki eta Zaletxuak kultur elkarteen laguntzagaz. Oraingoan, baina, tabernarien elkartearen lankidetza ere eduki dute, eta horrela, eguneko parranda goizaldera arte luzatu ahalko du nahi duen orok.
Umeak mozorrotuta iazko Katu Baltz egunean.
Urtero modura, pregoia irakurri eta bolanderak botata zabalduko dute eguna Eskolapean. Partaideen arteko hamaiketakoa egingo dute ondoren, eta jaian murgiltzen joateko aurpegia margotzeko aukera ere egongo da, Panpox kultur elkartearen eskutik.
[EGITARAUA]
Dotoreena. Itxaropena txistulariak 12:00etan irtengo dira herriko kaleak alaitzera, eta kalejiran joango dira antolatzaile eta herritarrak ere, Lekitto Musika Banda eta ipotxekin batera,
Erakusleiho Onenaren Saria ematera. Antolatzaileek azaldu dutenez, eguenera [azaroak 8] arte edukiko dute herriko dendariek erakusleihoak apaintzeko aukera. “Hortik aurrera hiru kuadrilla igaroko dira denda guztietatik, apainketa ikusi eta aurtengo saritua zein izango den erabakitzeko”. Beti bezala, Maria Talako Eskulan Tailerrekoak izango dira saria banatzearen arduradunak. Tailerrekoek prestatzen dute oroigarriagaz gainera, opari bat ere edukiko du irabazleak Katu Baltz taldekoen eskutik: Asteburu bat igarotzeko oparibox-a.
Erakusleiho onenaren saria Ikusiarte dekorazio dendari eman zioten iazko Katu Baltz egunean. Argazkia: Lekeitioko Udala
Trikitilari eta joaldunen doinuekin alaituko da eguerdia, eta Lekeitioko Elikagai Bankuari laguntzeko bigarren eskuko gauzen azoka bat ere jarriko duteĀ goiz osoan, Eskolapean.
Ikuskizunak. Katu Baltzeko ekimenak umeei zuzenduta egongo dira arratsaldean. Horrela, Patata Tropikala Antzerki Laborategiak, aurten ere, izugarrizko abenturan murgilduko ditu txiki eta handiak
Denboraren Taupadak antzezpenagaz. Txotxongiloak, antzerkia, umorea eta irudimena dantzan jarriko dituzte Ikusgarri zineman, 17:00etan.
[EGITARAUA]
Antzerkia amaitutakoan, Aittitta Makurraren txarangaren atzetik kalejiran abiatuko dira ume eta nagusiak plazara, eta 18:30etik aurrera,
txokolate beroa edukiko dute Kontzijopean, Gaztegunekoen eskutik.
Etorkizuna dantza taldearen emanaldiak, 19:00etan, emango dio amaiera arratsaldeari, eta suzko zezenaren ondoren, Uribe Kostako
Uztai Taldearen kalekirak emango dio luzapena jaiari.
Parte hartzeko eskaera. Herriko dendei ez ezik, ostalariei ere jaiagaz bat egin eta tabernak apaintzea eskatu diete antolatzaileek. Eta herritarrak ere mozorrotzera animatu dituzte. “Euskal mitologiako pertsonaia, katu edo baserritar ere joan daiteke”, azaldu dute.