Antzerki munduan lehen hastapenak eman edo gehiago sakontzeko,
doako antzerki ikastaroak antolatu ditu Abarka antzerki taldeak 16 urtetik gorakoentzat. Goi mailako irakasleak gidatuko dituzte, gainera, eskolak:
Manex Funchs eta
Amancay Gaztañaga aktore eta zuzendariek. Punta puntako artista hauekin lan egiteko aukera asko ez dela egoten azpimarratu dute Abarka antzerki taldekoek. “Aukera paregabea da”.
Bost orduko ikastaro bi izango dira. Lehenengoa
domeka honetan [azaroak 11] emango du Manex Fuchs Le Petit Theatre de Pain antzerki taldearen sortzaileak. Bigarrena,
abenduaren 16an, Amancay Gaztañaga Sorgintxuloko aurpegi ezagun, aktore, zuzendari eta musikariak.
Abarka taldeko kideak eta Ander Lipus zuzendaria ikastaroen aurkezpenean.
Goiz eta arratsalde izango dira ikastaroak, eta parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera zabalik daukate, 630 46 02 15 telefono zenbakira deituta. “Euren tenperatura, energia eta antzerkia ikusteko daukaten modua ikasleei helaraztea izango dute helburu irakasleek”, azaldu du Ander Lipus aktore eta zuzendari markina-xemeindarrak.
Urtero. Ikastaro baten ondoren sortu zen Abarka antzerki taldea bera ere, eta ordutik, urtero ikastaro bat egitea izan dute asmoa, “Ander Lipus ez den beste zuzendari batzuekin ere lan egin eta antzerki zaletasuna eta herri antzerkia sustatu asmoz”. Horrela, Marga Atolagirre, Eneritz Artetxe, Asier Sota eta Gustabo Gorosito bezalako izen handiko aktore eta zuzendariak gonbidatu dituzte besteak beste. Horiekin bezala, Fuchsegaz eta Gaztañagagaz lan egitea ere
luxu bat izango dela azpimarratu dute. “Biak oso goxoak dira, egiten duten guztia primerakoa da, eta horrelako artista batzuekin lan egitea plazer bat izango da”.
Bestalde, ikastaroak antzerki
taldea zabaltzeko bide bat ere badirela aitortu dute Abarkakoek, jendea taldera batzeko bidea. “Abarka bestela oso gauza itxia bilakatuko litzateke. Ikastaroak taldea zabaldu eta beste batzuei egitasmora batzeko aukera ere ematen die, modu errazago batean”. Izan ere ikastaroek talde kohesioa eragiten dutela azaldu dute. “Azken finean, asteburu oso bat lagun talde bategaz egoteak hartu emana sorrarazten du. Aberatsa da jende ezberdina etortzea eta maisu desberdinekin ikastea”.
Ikastaroa antolatzeagaz batera,
hurrengo obra ere prestatzen hasita daude Abarka antzerki taldekoak. Formatu txikikoa izango dela aurreratu dute, eta ekainaren hasieran estreinatzea jarri dute helburu. Oraingoan, Uhagon kulturgunea aukeratu dute agertoki modura.