Artibai Mendigoizale Taldeak antolatuta, Orientazio Ibilaldia egingo da domekan [azaroak 11] Markina-Xemein inguruetan. Eguraldia zela eta, Mendi Asteburuaren baitako ekimena atzeratu egin behar izan zuten, baina, oraingoan egitea erabaki du taldeak, euri ala aterri. “Oso txarra balego goizean bertan erabakiko genuke ibilbidea moldatu edo ez”, argitu dute.
10:00etan jarri dute irteera ordua Arkupean, eta bertan emango dituzte arauak, ibilbidearen nondik norakoak eta argibide guztiak. Mendigoizale guztiak, baina batez ere ume eta gaztetxoak gonbidatu ditu Artibai Mendigoizale taldeak irteerara.

Mendigoizaleak bidean zehar.
Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzaileei
mapa bat eman eta balizko ibilbide bat proposatuko diete. “Bidean zehar
zazpi ermita aurkitu eta mapan kokatu beharko dituzte”. Ibilaldiaren amaiera, 13:30era atzeratu du mendigoizale taldeak, “ume txikiak ere joaten dira-eta parte hartzaileak lasaiago ibiltzeko”. Amaitzeko, mokadutxoa eskainiko diete ibiltariei.
2002an hasi zen Artibai Mendigoizale Taldea Orientazio Ibilaldia antolatzen. Markina eta Xemein elkartu ziren 50. urteurrena zela eta, mugarriz mugarri egin zen lehenengoa. “Partaideei gustatu egin zitzaien, eta harrez gero, urtero jarraitu da egiten; bakoitzean zer edo zer ezberdina bilatuz”.
Mapa betetzen joateko
boligrafoa edo arkatza eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Hala ere, eurak ere edukiko dituztela esan dute.
Mendi Lehiaketa. Beste alde batetik, Artibai Mendigoizale Taldekoek gogora ekarri dutenez, 2018ko Mendi Lehiaketako zerrendak abenduaren 7rako entregatu beharko dira taldearen lokalean. Aurten ere, 10 eta 20 mendi igo edota 20.000 metro egin dituzten mendigoizaleak sarituko dituzte, abenduko azken domekan Akarregin egingo duten ekitaldian. Zerrendak taldearen lokalaren kanpoan dagoen postontzian sartu ahal direla aitatu dute.