Urtebeteko lanen ostean, herritarren eta Mutrikuko Udalaren aspaldiko nahia errealitate bihurtu da. Mutrikuko Eguneko Zentroa astelehenean [azaroak 12] hasiko da martxan. Aurretik, baina,
ate irekiak jardunaldia egingo dute zentroa bera herritarrei aurkezteko.
Ate irekiak jardunaldia zapatuan [azaroak 10] egingo dute. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta bi bat orduz zentroa ezagutara emango dute, mokaduren bat edo besterekin eta musikaz lagunduta.”Zerbitzua ikusi, zer ekipamendu dagoen, zer gauza eskainiko diren… Informazio orokorraren berri ere emango diegu bertaratuei”, azaldu du Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Bide batez,
Juantxo Elordi Mikel Deuna Egoitza fundazioko batzordekidea ere omenduko dute, kargua uztera doalako.
Naiara Totorika Mutrikuko Laboral Kutxaren bulegoko zuzendaria, Aintzane Uriguen Mikel Deuna egoitzako zuzendaria eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea zerbitzua aurkezten
Eguneko Zentroari dagokionez, Mikel Deuna egoitzako beheko solairuan dago kokatuta, eta espazioak
210 metro kuadroko azalera du. Hori bai, egoitzako eraikuntza berean egon arren, sarrera propioa du, ezkerreko aldetik. Jantokia, jarduera gunea eta atseden hartzeko edo aisialdirako gunea ditu, eta instalakuntza berriak egoitzarekin zenbait zerbitzu elkarbanatuko ditu.
Zerbitzuaren ordutegia 09:30etik 17:30era da, astelehenetik barikura. Zentroak, bestalde,
hamabost egoiliarrentzako gaitasuna du, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak hamar plaza hitzartuko ditu gaur-gaurkoz. Astelehenean sei egoiliarrekin hasiko dira zerbitzua ematen. “Orain momentuan Debara joaten diren sei Mutrikuarrak, hain zuzen”, zehaztu du Aintzane Uriguen Mikel Deuna egoitzako zuzendariak.
Zerbitzu berria eskaintzeak ibilgailu baten beharra sortu du, eta hori erosten laguntzeko Laboral Kutxaren gizarte ekintzaren laguntza izan dute
Zentroan emango duten tartean
hainbat ekintzaz gozatu ahal izango dute egoiliarrek: jarduera fisikoa, psikoestimulazioa, musikoterapia, aisialdi jarduerak, bingoa, eskulanak… Egunero jarduera desberdinak egingo dituztela aurreratu dute zentroko arduradunek. “Ekintza pila bat daude zehaztuta. Baina horrek ez du nahi esan ekintza guztiak egin beharko direnik”. Bazkari eta merienda zerbitzua ere izango dute, eta etxean dutxatu ezin direnek bertan dutxatzeko aukera ere izango dute.
Zerbitzu berria eskaintzeak, gainera, ibilgailu baten beharra sortu du, eta hori erosten laguntzeko Laboral Kutxaren gizarte ekintzaren laguntza izan dute. Mutrikuko bulegoak 26.000 euro bideratu ditu. “Laboral Kutxak proiektu honetan parte hartu nahi izan du egokitutako furgoneta batentzako diru laguntza emanaz. Gure aldetik oso pozik gaude Mutrikun lagundu ahal izan dugulako”, agertu du Naiara Totorika Mutrikuko Laboral Kutxako zuzendariak.
Uriguen, Lizardi eta Totorika garraio zerbitzua emango duen furgonetaren aurrean
Furgonetak
bederatzi lagunentzako tokia du. Gurpildun aulkiak sartzeko moldatua dago eta beharren arabera egokitzen da. Egoiliarrak aurretik adostutako herriko puntu zehatz batean jasoko dituzte zentrora joan-etorria egiteko.
Inbertsioa. Eguneko Zentroa egiten 490.000 euro inbertitu dituzte. “Eguneko Zentroa egiteko, beheko solairuan zegoen erabilera anitzeko aretoa, hirugarren soilairura pasa behar izan genuen, garai batean mojak bizi ziren gunera. Lan horiek amaitu ondoren, Eguneko Zentroa egiten hasi ziren beheko solairuan”, gaineratu du zentroko zuzendariak.
Inbertsioari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak
aurrekontuaren %50ari egin dio aurre, eta gainontzekoa fundazioak hartu du bere gain. Udalak ere bere ekarpena egin nahi duenez, hitzarmen bat sinatu dute.