Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko txapelketako lehia Markina-Xemeingo Barinaga auzora ailegatuko da
zapatuan [azaroak 10]. Txapelketa edukitzen ari den parte hartze handia dela eta, jaurtialdi ofizialaren aurreko txanpa
16:15ean hasiko dutela jakitera eman dute antolatzaileek.
Azkenaurreko tiraldia izango da Barinagakoa, eta
emozioz bete dator. 14 txirlo botata berdinduta daude sailkapen nagusian San Migel A taldeko Unai Loiola eta Anjel Ibarluzea, eta Iruzubietako Mateo Guenaga hurre daukate 13 txirlogaz. Emakumeen artean lehenengoa 8 txirlo botata, Olatz Jimenez da, Iruzubietako saioko irabazlea. Talde mailan berriz, San Migel A doa buruan eta adinari dagokionez, Mateo Guenaga nagusien artean, Udai Zelaia (9 txirlo) gazte mailan, Kepa Rodrigez ( 2 txirlo) alebin mailan eta Josu Urkia (2 txirlo) benjaminetan daude sailkapenaren aurrean. Azken jardunaldi biak erabakigarriak izango dira, beraz.
Bergarako San Joxepeko saioa. Argazkia: Mikel Urkia/MX3T
Izena, beti bezala, saioaren egunean bertan eman behar da, azken tiralariak tiraldi guztiak bota orduko.
Hiru tiraldi egiteko aukera edukiko dute bolariek. Oraingoan ere,
sariak egongo dira: lehenengoa gelditzen denak 65 euroko saria jasoko du, bigarrenak 50 eurokoa, hirugarren sailkatuak 35 eurokoa, laugarrenak 20 eurokoa, bosgarrenak 10 euro jasoko ditu, eta seigarren sailkatuak oparia.