Eneko Arrate (Bertsolaria). Hitzari esker, tokian tokiko eskualdean gertatzen denaren berri jasotzen du Eneko Arrate bertsolari markina-xemeindarrak. Papereko edizioa irakurtzea gustuko duen arren, webguneak jasotzen duen hamabost urteko artxiboa altxorra dela deritzo.
1-Hitzaren eragile/harpidedun zara. Zer eskaintzen dizu eskualdeko egunkariak?
Eskualdeko ikuspegi bat ematen du Hitzak. Eskualdeko herrietako albisteen berri izateko iturri oso ona zen, eta orain bai eskualdeko zein Busturialdeko albisteak jasotzeko balio du. Gainera, eragile edo elkarte moduan, gure ekintzei ikusgarritasuna emateko tresna oso ona da, eta jakinarazpenak zein notiziak zabaltzeko benetako tresna ona da.
2-HITZA sortu aurretik zure herriko albisteek ze leku zeukaten komunikabideetan?
13 urtegaz hasi nintzen albisteak irakurtzen, eta hasi nintzenean sortu zen Hitza. Aurten, hamabost urte beteko ditu, eta ordutikĀ beti erabili dudan komunikabide bat da.
3-Paperean sortu eta denbora gutxira, Interneten ere eskura egon zen Hitza. Bien irakurlea zara?
Papereko edizioa asko gustatzen zait, baina egia da albiste asko modu digitalean jasotzen ditudala gaur egun. Paperekoa elkarrizketak irakurtzeko lasaiagoa da, eta digitalean albiste laburrak irakurtzea dut gustuko. Webgunearen bitartez, hamabost urteotan Hitzak artxibo lan ikaragarria egin du. Eragile edo elkarte moduan eskualdean zer egin den jakin nahi badut beti aurkitzen dut bertan. Horrela, badakit jendeak zer antolatu duen eta zer ez, baita zelan antolatu duen ere. Argazkiak ere aurki daitezke. Horregatik, izugarrizko artxibo lana dago, antolatzaileen lana asko errazteko balio duena. Beste alde batetik, urteetan egindako lana baloratzeko ere balio du artxiboak. Beraz, hor dagoen eta bertan geratuko den artxibo lana, bai galeria zein testu informazio moduan landutakoa izugarrizko altxorra da niretzat. Askotan ez dugu hori baloratzen. Pertsonalki, momentu honetan artxibo hori da gehien erabiltzen dudana.
4-Ze albiste dituzu gustukoenak? Eta batere gustatzen ez zaizkizunak?
Albisteak denak dira niretzako interesgarriak. Hala ere, elkartegintzako edota elkarteek antolatzen dituztenak irakurtzen ditut gehien. Hala, horiekin nire gustukoa den agenda osatzen dut. Albistezalea naiz, irakurtzea gustatzen zait, eta denetarik irakurtzen dut. Politika arloa izan daiteke askotan astunena; batak eta besteak esandakoak irakurri behar direlako. Hala ere, gure bizitzetako arlo garrantzitsua hartzen du politikak, eta hori ere interesgarria da. Politikaren arloak eskualdeko datuak eta berriak jasotzen ditu. Horregatik, denak irakurtzen ditut, eta hala egiten jarraituko dut.
5-Eta zer irakurri nahiko zenuke noizbait Hitzan?
Hitzak 50. urte bete dituela, eta inoiz baino osasuntsuago dagoela irakurtzea gustatuko litzaidake. Alde batetik, euskara osasuntsu dagoela esan nahiko du, baita komunitatea osasuntsu dagoela ere. Euskararen inguruko komunitate bat martxan dagoela esan nahiko du, eta euskal kazetaritza ondo dagoela. Horiek oso seinale positiboak dira.
6-Tokian tokiko euskarazko komunikabideak egotea premiazkoa deritzozu? Zergatik babestu behar dira?
Euskarazko egunkari nazionalak garrantzitsuak dira, baina tokian tokiko komunikabide, eragile zein elkarteetako lanak dira babestu beharreko altxorrak. Zorionez, Euskal Herrian dezente daude, eta niri beti gustatzen zait goazen lekura goazela bertako funtzionamendua zelakoa den ikustea. Hitzari esker, eskualdeotako benetako albisteak ezagutzen ditugu.
HITZAren 15. URTEURRENARI LOTUTAKO EDUKIAK: