Gipuzkoarra jaiotzez, ondarrutar peto-petoa da Javier Urizar. Egunkariaren sorreratik harpideduna da. Hasieran, bere tabernan jasotzen zuen Hitza; jubilatu zenetik, berriz, etxeko lasaitasunean irakurtzen ditu albiste eta bestelako kontuak, patxada ederrean. Egunkari kuttuna duela azpimarratu du. Bere berbetan, herriko zein inguruetako gertakarien berri jasotzeko oso garrantzitsua da, eta lagunarteko solasaldietan hizpide dituzte bertako albisteak.
1-Hitzaren eragile/harpidedun zara. Zer eskaintzen dizu eskualdeko egunkariak?
Informazio asko. Urtean zer gertatzen den jakiteko aukera ematen dit. Gustura irakurtzen dugu familiakook, bai emazteak eta biok eta baita bi semeek eta errainek ere. Askotan zain egoten gara noiz etorriko, irakurtzeko. Txanpa tabernan ere egoten gara, han Hitza jasotzen dute, eta bertan ere komentatzen ditugu bertako albisteak.
2- Hitza sortu aurretik zure herriko albisteek ze leku zeukaten komunikabideetan?
Hitza sortu aurretik, herriko eta inguruko albisteek ez zeukaten leku askorik beste komunikabideetan; mesede egin digu.
3-Paperean sortu eta gutxira, Interneten ere eskura egon zen Hitza. Bien irakurlea zara?
Ez dut webgunea ezagutzen, ni antigualekoa naiz. Paperekoa asko estimatzen dugu; polit-polita da. Gainera, barikuetan orrialde gehiago dauzka, eta irakurtzeko albiste gehiago edukitzen ditugu.
4-Ze albiste dituzu gustukoenak? Eta batere gustatzen ez zaizkizunak?
Dakartzan denak gustatzen zaizkit niri. Informatuta egoteko albiste onak zein txarrak jakitea garrantzitsua da. Elkarrizketak, erreportajeak zein albisteak; egunkari guztia irakurtzea gustatzen zait, eta ez dago gustuko ez dudan albisterik. Dotore idatzita datoz, gainera. Hitza euskalduna da, geurea da. Udan hilabete batean oporrak hartzen dituztenean faltan botatzen dut.
5-Eta zer irakurri nahiko zenuke noizbait Hitzan?
Momentu honetan ez zait ezer zehatzik bururatzen. Baina gure herriarentzat albiste pozgarriak direnak zein ondarrutarrei buruzko berri onak pozik hartuko nituzke.
6-Tokian tokiko euskarazko komunikabideak egotea premiazkoa deritzozu? Zergatik babestu behar dira?
Bai, behar-beharrezkoak dira. 15 urteotan irakurle fidelak izan gara. Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu edo babestu behar du Hitza. 15 urte; laster pasatu dira urteak. Hasiera-hasieratik maite izan dugulako jarraitzen dugu; urte hauetan laguntzen egon gara, eta beste horrenbeste ere jarraituko dugu. Nik jendea animatzen dut harpidedun izatera. Herriko eta eskualdeko albisteak euskaraz leku gutxitan daude, eta hori da laguntzeko arrazoi nagusietako bat.
HITZAren 15. URTEURRENARI LOTUTAKO EDUKIAK: