Ilusio handiz hasi genuen ibilbidea orain dela 15 urte. Ez zen gutxiagorako. Bertoko herrietako albisteak jaso eta haien berri euskara hutsean emateko aukera geneukan aurrez aurre. Egitasmo handia. 2003ko azaroaren 11n banatu genuen Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzaren 1 zenbakia. Kalera atera ginen, egitasmoaren berri emateko…
Erronka handia geneukan aurretik, egunero eskualdeko herrien berriak jaso eta haiei hedapena ematea. Sarri «harrien azpian» ere aurkitu behar izaten genituen albisteak. Mugikorrak telefono ziren, ez argazki kamerak, eta argazki kamera gehienak modu analogikoan bizi ziren. Digitalizaziotik urrun geunden. Albisteak jasotzeko ia era bakarra zegoen: gertaeraren lekuan bertan egotea.
Euskararen normalizazio biderako tresna izateko jaio zen eskualdeko komunikazio egitasmoa, euskara hauspotzeko. Bizitzeko. Paperean heldu zen, eta sei hilabetera, Internetera egin zuen jauzia; 2004ko ekainean ipini genuen martxan
webgunea.
Urte asko igaro dira ordutik, eta denetarik bizi izan dugu. Informazio trukaketa horretan ehunka lagun izan ditugu ondoan, ehunka lagun ezagutu ditugu. Ospe handiko jendea elkarrizketatu dugu, eta ospe horretatik aldenduta beti jardunean dabiltzan lagun askogaz egin ditugu harremanak. Hori da, duda barik, HITZAk daukan aktibo handiena: jendea.
Sarri «harrien azpian» ere aurkitu behar izaten genituen albisteak; mugikorrak telefono ziren, ez argazki kamerak, eta argazki kamera gehienak modu analogikoan bizi ziren; digitalizaziotik urrun geunden
Ibilbidea, baina, ez da erraza izan beti; oztopoak ere aurkitu ditugu, zelan ez; autofinantzaketa oinarri izan arren, euskal prentsak beharrezkoa du erakundeen babesa, beharrezkoak ditu diru laguntzak… Astelehenetik domekara banatzen zen hasieran egunkaria; 2007an, diru laguntza publikoen eskasiak kolokan jarri zuen astean sei egunetan argitaratzeko aukera; zailtasunak zailtasun, Hitzarte, Hitza Eguna eta Ametsetarako Hitzak ekimenak egin genituen, argitalpen egunak ez galtzeko apustu garbia eginez; eta urtebete beranduago, 11Barri diseinu eta komunikazio enpresa sortu genuen, HITZA egitasmoa sendotzeko. 2008ko azaroaren 4an, jaio eta zazpi urtera atera zen kalera Lea-Artibai eta Mutrikuko berriak bakarrik jasotzen zituen azkenengo zenbakia, 1826. zenbakia zen.
2010eko azaroan, bost urte lehenago jaio zen Busturialdeko Hitzagaz bat egin genuen, bideragarritasun ekonomikoa lortzearren. Horrek eragin zuzena izan zuen bi lantaldeetan: batean sei eta bestean zazpi kazetari izatetik lau izatera pasatu ginen. Egun latzak izan ziren…
Elkarlana zutabe, eta hasierako helburuak argi izanda, aurrera egin dugu. Harpidedun, laguntzaile, babesle, irakurle, eragile…, zuon guztion laguntzagaz aurrera goaz. Joango gara. Aurrera papereko edizioan, aurrera webgune zein sare sozialetan gure herri txikiotako albisteak zabaltzen. Eta hamaseigarrena bete aurretik, 2019an, harpidetza digitalak egiteko erronkari helduko diogu. Bidelagunak egiten jarraituko dugu. Zeu ere alboan beharko zaitugu.
HITZAren 15. URTEURRENARI LOTUTAKO EDUKIAK: