Nahia Quincoces kirolari mendexarra askotan izan da albiste Hitzan. Kirol ibilbidean lortutako lorpenak bildu ditu egunkariak. Han eta hemen dabilen arren, bertoko berri izateko aukera ematen dio eskualdeko egunkariak.
1-Hitzaren eragile/harpidedun zara. Zer eskaintzen dizu eskualdeko egunkariak?
Bertatik bertara bertoko albisteak euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen digu. Hedabiderik hurbilenekoa da.
2- Hitza sortu aurretik zure herriko albisteek ze leku zeukaten komunikabideetan?
Hain zuzen, Hitza sortu aurretik oso hurbilekoak ziren albisteen hutsune bat zegoela ikusten nuen. Lekeition, adibidez, bazeuden Zeresana aldizkaria bezalako komunikabideak, baina ez egunerokoak. Komunikabide horiek askoz ere epe luzerago ateratzen zituzten albisteak; hurbileko eta momentuko albisteak jasotzeko falta zegoen.
3-Paperean sortu eta denbora gutxira, Interneten ere eskura egon zen Hitza. Bien irakurlea zara?
Bai, bien irakurlea naiz. Agian, lehen gehiago irakurtzen nuen papereko edizioa, eta orain, berriz, webgunera gehiago jotzen dut. Eguneko ia 24 orduetan gaude sarera konektatuta; albisteak gero eta momentukoagoak dira, eta Internetek aukera hori ematen du. Edonon zaudela ere konektatu zaitezke, bere abantailekin eta desabantailekin. Momentuan bertan enteratzen zara zer gertatu den, nahiz eta garai bateko esentzia hori, artikuluak sakonago irakurtzea, adibidez, galtzen duen.
4-Ze albiste dituzu gustukoenak? Eta batere gustatzen ez zaizkizunak?
Bertokoak, bai Mendexakoak eta Lekeitiokoak, eta albiste onak. Zoritxarrez, gutxiago izaten direnak, baina onak direnak. Gauza positiboak jasotzen dituztenak. Horrez gain, zelan ez, kirol albisteak ere gustuko ditut. Bestetik, berri txarrak edota albiste eskasak dira gustukoak ez ditudanak.
5-Eta zer irakurri nahiko zenuke noizbait Hitzan?
Gauza konkretuak baino emakumeen berdintasuna lortu den egoera baten gaudela irakurtzea gustatuko litzaidake. Hori albistea izatea. Bestalde, maila pertsonalean, aurtengo denboraldian mendiko eskian emaitza onak lortu ditudala. Emakume kirolarien lana jasotzen duzue. Zoritxarrez, orokorrean, oraindik ere komunikabideetan mutil kirolarien presentzia askoz ere handiagoa da.
6-Tokian tokiko euskarazko komunikabideak egotea premiazkoa deritzozu? Zergatik babestu behar dira?
Bai, tokian tokikoa jakiteko eta ezagutzeko ezinbestekok dira. Askotan alboan gertatzen denagaz ez gara enteratzen. Are garrantzitsuagoa da, gainera, gure hizkuntzan, euskaraz delako eta herritarrak protagonista dauzkana delako. Babestu behar dira momentu honetan beste mota bateko komunikabideek dutelako indarra, eta desinformazioa dagoelako edota batzuk kontrolatzen duten informazioa dagoelako. Guk sortutakoa, herritarrek herriarentzat sortutakoa babestea beharrezkoa da.
HITZAren 15. URTEURRENARI LOTUTAKO EDUKIAK: