Herritar bat etxe barik geratzeko arriskuan zegoelako, Lekeitiko Mozolomendin hutsik zeuden etxebizitzak okupatu zituzten duela bost urte. Ordutik, hamabost lagun baino gehiago pasatu dira erakin okupatutik, eta gaur egun zazpi lagun bizi dira hiru etxebizitzatan. Gaur [azaroak 10] salatu dutenez, baina, Lekeitioko Udalak bi bizilagun kaleratu nahi ditu, “euren etxebizitzaren ondoan EPA dagoelako eta azken horri leku gehiago emateko aitzakiagaz”.
Mozolomendiko bizilagunek diote ulertzen dutela EPAk leku gehiago behar duela, baina Mozolomendiko bizilagunak kaleratzea ez dela irtenbidea diote: “hori udalak Mozolomendin bizi garenok kaleratzeko aitzakia da”. Hezkuntza eskubidea defendatzen duten heinean, EPAri leku duinago bat ematea proposatzen dute Mozolomendikoek. “Irtenbidea ez da Mozolomendiko bigarren solairuko horma bota eta gaur egun etxebizitza bat dena EPAri ematea. Hori ez da beharrezkoa, herrian badaude-eta EPA ipintzeko leku aproposagoak”.
Gainera, etxe kaleratzea modu “ezin irregularragoan” egin nahi dutela salatu dute. “Mozolomendiko bi bizilagunon oso hurbileko kontaktuak presionatzen ari dira, txantajea eta bestelako metodo zikinak erabiliz”. Udala egiten ari dena “ilegala” dela diote.
Salaketa egiteko Mozolomendikoek hainbat herritarrek babesagaz egindako agerraldia.
Udalari oinarrizko bi eskubide elkarren aurka egongo balira bezala irudikatzea leporatu diote. “Etxebizitza eskubidea eta ikasteko eskubidea aurrez aurre jartzen ari dira. Honekin erakusten ari dira Lekeition dagoen ikasteko beharrizanari erantzuteko ezinbetekoa dela gutako bi etxetik kaleratzea”.
Etxebizitza eskubidea bermatzeko borondate eta gaitasun politikorik ez badago, eskubide hori paperaren gainean defendatzeak ez duela ezertarako balio gaineratu dute.
Horrez gain, Mozolomendin bizi direnei ez dietela hango etxebizitzetan erroldatzen uzten esan dute. “Euren legea urratzen ari dira. Udaletxean erroldatzeko eskaera egin dugunean atzera bota digute. Seguru badakitela legearen kontra egiten ari direna, baina berdin zaie”.
Egoerari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen dute elkartasun sare praktikoa sortzea, “eraso eta zapalkuntza egoeren aurrean elkar babesteko eta bizimodu berriak erakitzen joateko”
Elkartasun sarearen beharra. Irakurketa horren aurrean, etxe kaleratzeen eta padroien ukapenaren kontra egiten jarraituko dutela esan dute. “Eraso eta oztopoen gainetik etxebizitza eskubidea eta erroldatzeko eskubidea defendatzen jarraituko dugu, eta duintasunez ikasteko eskubidearen eta EPAri baldintza egokiak bermatzearen aldarria ere geure egiten dugu”.
Gaur agertu dutenez, udala ekainetik ari da bi herritar horiek kaleratzeko ahaleginak egiten. “Egoera honen aurrean, ezinbestekoa izango da elkartasun sare praktikoa sortzea, eraso eta zapalkuntza egoeren aurrean elkar babesteko eta bizimodu berriak erakitzen joateko”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.