Aittitta Txiki Lekeitioko argazki zaharrak biltzen ari da
Lekeitioko Aittitta Txiki elkarteak Lekeitioko argazki zaharren erakusketa egingo du abenduan. Aurretik, baina, erakusketan erakutsiko dituzten argazkiak jasotzen ari dira. Beraz, herritarrei herriko argazki zaharrak uzteko eskaera egin die. Hilaren 27ra arte aurkeztu ahal dira argazki zaharrak, kultur etxean. “Argazkiak aurkezterakoan argazkia uzten duenaren izena eta telefono zenbakia eta argazkia zein urtetakoa den esan beharko da”, esan dute elkarteko kideek.
Erakusketa abenduaren 1etik 8ra egingo da, Lekeitioko Barandiaran aretoan; 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era egongo da ikusgai.
Herritarrei argazki zaharrak uztera animatzeko dei egin die elkarteak. “Uzten dutenean guk segituan eskaneatuko ditugu, eta berriro bueltan emango dizkiegu”.
Perretxiko Jardunaldien balorazioa. Beste alde batetik, urrian egindako Perretxiko Jardunaldiaren balorazioa ere egin du elkarteak. “Dena ondo joan da. Aurten, gainera, erakusketa Uribarren Abaroan egin dugu, eta oso esperientzia ona izan da”.
Egoitzakoentzako ere aberasgarria izan da erakusketa bertan egin izana. “Egunerokotasunetik atera ahal izan dira. Hori asko apreziatzen dute. Beraz, aurtengoa ondo joan dela ikusita, datozen urteetan ere erakusketa bertan egitea erabaki dugu”.
Uribarren Abaroako ordezkariek ere positiboki baloratu dute Aittitta Txikikoen egitasmoa. “Bikain atera zen dena. Nahikoa jende egon zen erakusketa ikusten, eta egoiliarrak ere gustura geratu ziren. Egoiliar batzuen senideek ere ikusi zuten, eta egoitzako arduradunoi esan ziguten ekintza polita izan zela”.
Perretxikoen bilketa ere ondo joan zela esan dute Aittitta Txikikoek. “Hori bai, datozen urteetan nahiko genuke herritar gehiagok parte hartzea perretxikoak ekartzerakoan”.
Perretxikoen ekintza egiteko udalaren diru laguntzarik ez dutela jasotzen esan dute. “Gustatuko litzaiguke diru laguntza jasotzea. Eta ez guregatik. Gu boluntarioak gara, baina herritara etortzen diren mikologoei eta zer edo zer eman behar zaie, edo gutxienez bazkari batera gonbidatu”.