Gurutzetako ospitalean jarraitzen du joan den domeka goizaldean [azaroak 10] Lekeitioko gazte bati labana sartu ondoren jipoitu zuten gizonezkoak. Gertatutakoa argitze aldera ikerketa abian dutela jakitera eman du Herrizaingo Sailak.
Jakinarazi dutenez, zapatutik domekarako goizaldean, 02:50ean gertatu zen erasoa. Independentzia plazan emakume bategaz zegoen gizonezkoa erasotu zuen beste gizonezko batek labaina bategaz. Dirudienez gaztea mespretxuz zuzendu zitzaion emakumeari, eta gizonezkoa haren defentsan azaldu zenean, labana atera eta labankadak eman zizkion hainbat zauri eraginez. “Biktimak aurpegian eta hankan jaso zituen labainkadak; bere kabuz ailegatu zen osasun etxera, eta handik ospitalera bidali zuten”.
Dirudienez, eraso horren ostean, lagun talde bat gerturatu zen lekura, eta erasotzailea jipoitu omen zuten. Gizonezkoa Gurutzetako Ospitalera eraman zuten larri, eta ustezko lesio delitua leporatuta atxilotuta zutela zehaztu dute.