Parte hartze handiagaz ospatu zen atzo [azaroak 11] Lekeition, Euskaraldiaren ekitaldi nagusia. Ekimenera batu diren lekeitiarren erdiek jada, hartu dituztela Ahobizi eta Belarriprest txapak, jakitera eman dute Euskaraldiaren talde eragileko partaideek. “Jarri genuen ordua baino aurretik hurreratzen hasi ziren mahaira, gogoz”, azaldu dute.
Lekeitiarrak belarriprest eta ahobizi txapak hartzen Limoneroetan.
Euskaraldian 1.000 herritarrek behintzat parte hartzea zeukaten helburu Lekeition, eta aurreikuspenak gainditu dituzte. Oraingoz
1.100 inguru direla jakitera eman dute, eta kopuruak gorantz egingo duela ikusten dute. Izan ere, atzoko ekitaldian ere animatu zen jendea azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa sozialean parte hartzera.
Lekeitioko hamaiketakoa oholtzan.
Limoneroetan jarritako mahaietan informazioa eman eta txapak banatzen zituzten bitartean Lekeition euskararen inguruan gertatzen diren egoerak irudikatzen dituzten esketxak antzeztu zituzten antzerki taldeko lau aktorek, eta musika ere eduki zuten ekitaldia girotzeko. Horrez gain, herriko
hamaikakoa ere aurkeztu zuten. Izenetik deituta banan-banan hamaika herritar igo ziren oholtzara txapak hartu eta
hamaikakoa osatzeko.
Nerea Ibarzabalek Azkue aretoan emandako hitzaldia.
Euskaraldirako prestatzen joateagaz batera, euskararen inguruan hausnartzeko aukera ere eduki dute lekeitiarrek.
Euskara salbu ikusi arte berbaldia egon zen
Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariaren eskutik, barikuan, kultur etxeko Azkue aretoan.