Uni frontoiko eta kultur aretoko
iriste erraztasuna hobetu asmoz, igogailu bat jarriko du Markina-Xemeingo Udalak. Azaroaren amaieran hasiko dituzte lanak, eta
hiruzpalau hilabeteko obra izango dela zehaztu dute. “Martxoan edo apirilean amaitzea espero dugu”.
Igogailua Uni frontoiak orain txartel-leihatila daukan lekuan kokatuko dutela azaldu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak, eta
geldiune bi edukiko ditu. Alkateak azaldu duenez, frontoia eta kultur aretoa ez daude parean, eta beraz, frontoian egongo da geldiune bat eta kultur aretoan bestea. “Ate bi ere izango ditu igogailuak batera edo bestera joateko”.
Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Igogailua eraiki ahal izateko EPAk erabiltzen duen lokala ere hartu behar izan du udalak, eta pilotaleku nagusiko txartel leihatila ere lekuz aldatu beharko dute.
Ulahi-Orona enpresari esleitutako lanen kostua 96.683,78 eurokoa da, baina Eusko Jaurlaritzak Uni frontoiaren eraikinean eta kultur aretoan igogailua jartzeko 25.812,50 euroko diru laguntza eman dio Udalari. Beraz, lanok gauzatzeko udalak 70.871,28 euro ipiniko ditu. Urte hasieratik zeukan udalak obra egiteko asmoa, eta proiektua 2018ko aurrekontuetatik kanpo gelditu bazen ere, udalak duen diruzaintzako geldikinetik ordaintzea aurreikusten zuten.
Hobetzen jarraitzeko asmoa. Igogailua jartzeagaz gainera, frontoi nagusia eta frontoi txikia egokitzeko beste lan batzuk ere egin ditu udalak. Abuztuan
margotu dituzte frontoi biak eta frontoi nagusia berotzeko
berogailu sistema hobetu dute hodiak aterata. “Hodiak kanpotik ipini behar izan dira, baina eraikina hobeto eta arinago berotzen da”, azaldu du alkateak.
Behin berogailuarena konponduta
aireztapen-sistema ere hobetzea daukate asmoa. Horretarako leihoak jarri nahi dituzte pilotaleku nagusiko estalkian. Gainera,
jantzigelak ere egokitu nahi dituzte neskentzat. “Zorionez gero eta neska gehiago dabil pilotan eta eurak erabiltzeko aldagelak prestatu nahi ditugu”, azpimarratu du alkateak.