Beste urte batez ez dute hutsik egin bertoko atletek. Korrikalariei dagokienez, urtez urte
markak hausten ari da Behobia-Donostia. Bosgarren aldiz, 30.000 korrikalari baino gehiagok izena eman zuten lasterketan, eta 26.027 animatu ziren lasterketan parte hartzera. Horietatik 24.914 helmugaratu ziren; 241k lasterketa utzi behar izan zuten. Helmugara iritsitakoen artean 965 deskalifikatu zituzten.
Aurten ere
emakumezkoen parte hartzea igo egin dela azpimarratu dute antolatzaileek. Errekorra ezarri dute, korrikalarien %24,1era iritsiz.
Lekeitiotik Behobia-Donostia lasterketara autobusean joandako korrikalariak. Argazkia: Amandarri
Parte hartzaileen artean asko izan ziren Lea-Artibaitik eta Mutrikutik joandakoak. Adibidez, Lekeitiotik 55 lagun joan ziren– (horietatik 23 emakumeak). Guztiak zoriondu dituzte Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeak eta Lekeitioko Udalak, eta pozik agertu dira Behobia-Donostia lasterketara joateko egindako deialdiaren erantzunagaz. Bien artean antolatutako autobusean Lea Artibaiko hainbat pertsonak parte hartu dutela jakitera eman dute.
Mutrikutik eta Ondarroatik 28na korrikalarik parte hartu zuten. Esaterako, Iñaki Uranga Granado izan zen ondarrutar azkarrena (1:16:19), eta nesketan, Nerea Agirregomezkorta Eizagirre (1:37:19). Mutrikuarren artean, Iñigo Agirre Arrietak 01:08:44 markatu zuen amaieran, eta Amaia Elosegi Azpiazuk 1:42:43.
Katherine Switzer domekan, Behobiako irteeran.
Argazkia: Behobia-Donostia.
Irabazleak. Jaume Leiva izan zen domekako azkarrena; kataluniarrak ordubete eta hogei segundo markatu zituen helmugan. Gizonezkoetan, bi euskal herritarrek osatu zuten podiuma: Iraitz Arrospide tolosarrak eta Ivan Fernandez gasteiztarrak. Arrospide Leivarengandik minutu bat eta 25 segundora ailegatu zen, eta Arrospiderengandik bederatzi segungora amaitu zuen Fernandezek.
Aroa Merino kanariarrak
errekorra egin zuen domekan: 01:09:41. Merinok hirugarren aldiz jarraian irabazi du Behobia-Donostia. Irabazlearengandik 56 segundora helmugaratu zen Diana Martin madrildarra, eta Alicia Perez zaragozarrak (01:14:14) osatu zuen emakumezko seniorren podiuma. Kategoria horretan Maria Zorroza izan zen lehen emakume euskalduna. Gernikarrak ordubete, hamasei minutu eta 47 segundotan egin zuen proba ospetsua, emakumezko seniorretan bosgarren postuan sailkatuz.
Omenaldia. Aurten Katherine Switzer estatubatuarra korrikalaria omendu dute. Ofizialki maratoi batean parte hartu zuen lehen emakumezkoa da. Behobiako irteera-puntuan egon zen, eta oroigarria eman zioten. Bostoneko Maratoian eraman zuen dortsalaren zenbakia (261) zeukan koadroa oparitu zioten. Halaber, Donostiako helmugan eta sari banaketa ekitaldian ere parte hartu zuen.