Gaztela eta Leongo Kultura Sailak gonbidatuta, eskualdeko ordezkaritzak bi eguneko bisita egin du Valladolidera (Espainia).
Leartibai Garapen Agentziak eskualdeko esperientzia elkarbanatzeko parte hartu du AR&PA kultur ondarearen bienalean. Izan ere, Leartibai Garapen Agentzia eta Gaztea eta Leongo Kultura Saila
HERICOAST-Interreg Europe proiektu europarreko kideak dira, eta proiektu horren barruan hainbat jarduera egiten dituzte urtero, eta horietako bat izan da aipatutakoa. Itsas eta ibai lurraldeetan kostaldeko kultura ondarea kudeatzeko lurralde politikak hobetzea da proiektuaren helburua.
Gaztela eta Leonen bisita teknikoa egin dute. AR&PA bienalean parte hartzeaz gain, Gaztelako kanalaren (Canal de Castilla) proiektua ezagutzeko aukera izan dute, eta zenbait instituzioetako ordezkariekin bilerak izan dituzte Lea-Artibai eskualdetik joandako ordezkariek. Herrera de Pisuerga, Fromista eta Medina de Rioseco udalerrien proiektuak ezagutu dituzte. “Ondarearen balioestea, koordinazio maila eta ondarea zein turismoaren eguneroko kudeaketa nolakoak diren ezagutzeko aukera paregabea izan da”, aitortu dute eskualdeko ordezkariek.
Argazkia: Leartibai Garapen Agentzia.
Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatutako HERICOAST-Interreg Europa proiektuarekin ondarearen ustiaketa eta zaintzaren arteko oreka bilatu nahi da eta lan horretan murgilduta Europako hainbat herrialde bisitatu dituzte proiektuko bazkideek: Euskal Herria, Norvegia, Errumania, Italia, Irlanda eta Gaztela eta Leon. Bisita horretan lurralde bakoitzeko “kasu arrakastasuak” ezagutzeko aukera izan dutela azaldu dute, gerora, bakoitzak bere eskualdean txertatzeko aukera aztertzeko baliagarriak izan direnak.
Turismo plan berria. Leartibai Garapen Agentziak 2017an eskualdeko turismo plan berria garatzeko lehen pausuak eman zituen. Urte osoan zehar diagnostikoa landu ondoren, orain,
helburuak eta lerro estrategikoak finkatu eta lan ildoak landu behar dituzte, horretarako ekintzak proposatuz.
Horregatik, orain arte egindako esperientzia ezberdinak ezagutzeko bisitak, Valladolidera egindako azken hau bezala, aberasgarriak izango direla adierazi dute. Ezagututako esperientziak hainbat eragilerekin elkarbanatu dituzte, eta eskualdeko turismo estrategiaren baitan eredu gisa erabiliko dituzte. Orain, ikasitako guztia aplikatuz,
tokiko garapenean eta politika instituzionalean eragina izango duen ekintza plan zehatz bat lantzen ari direla jakitera eman dute.