Mutrikuko Udalak jakinarazi duenez, Mutriku eta Deba arteko errepidea astelehenean [azaroak 19] itxiko dute. Itxiera, baina,
ez da GI-638 errepideko lanen hasieragatik. “Aldundiko teknikariek Ipitxarriko bihurgunea aztertu dute, eta berehala egonkortzen ez badute,
erortzeko arriskua dagoela esan dute. Beraz, puntu zehatz bateko egonkortze lanengatik itxiko dute”. Itxieraren arrazoia argi utzi nahi izan du Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Errepidea
Laranga auzora joateko bidegurutzea eta gero egongo da itxita. “Larangako auzotarrek ez dute arazorik edukiko Mutrikuko aldetik joateko”.
Aste honen hasieran [azaroak 12] itxi nahi zuten errepidea, baina garraio publikoa Galbaixotik pasatu beharko zenez eta hori koordinatu behar zutenez, errepidea aste honetan ez ixtea erabaki zuen aldundiak. Atzerapen hori aprobetxatuta, Mutrikuko Udalak ere aldundiari eskatu zion
errepidea itxi aurretik udalari “garaiz” jakinarazteko. “Esan genien guk herritarrak, hornitzaileak… jakinaren gainean jarri beharko genituela,
mutrikuarrak garaiz informatu nahi genituela”. Aldundiko ordezkariak
gaur [azaroak 14] jakinarazi dio udalari astelehenean itxiko dutela.
Zehaztu duenez,
errepidea guzti itxita bost egunez egongo dela esan zieten. “
Astebetez egongo da itxita, beraz, herritarrei lasaitasun mezua helarazi nahi diegu. Denon aldetik borondate pixka bat jarriz gero, konponaldi hau arazorik gabe gainditzeko aukera izango dugu. Herritarrek eduki beharko duten pazientziazko jokabidea eskertu nahi dugu”.
Bide bat itxi zutenetik gaur arte semaforoa dago ipinita.
Egonkortze lanak egiteko,
garabi handi bat erabili beharko dutela azaldu du Lizardik. “Aldundiko errepideetako zuzendariak joan den astean adierazi zidan zein den errepidearen egoera, eta konponketak egiteko bidea guztiz itxi beharko zutela”.
Zurrumurruen aurrean,
informazio zuzena eman eta herritarrei
lasaitasun mezua helarazi nahi izan die Lizardik.
Urriaren 31n itxi zuten Mutriku eta Deba arteko errepideko (GI-638) bide bat, Ipitxarri bihurgunearen parean. Errepidearen azpiko
labarra egoera txarrean zegoelako itxi zuten. Bide bat itxita, zirkulazioa semaforo bidez gidatu dute eta oraindik ere horrela dago. Bitartean, aldundiko teknikariek beharrezko azterketak egin dituzte. Eta azterketen emaitza izan da
bidea ahalik eta azkarren egonkortu behar dela.