Urtero modura, taloa egiten erakutsiko dute Etxebarrian. ETX kultur elkarteko kideek
talo ikastaroa emango dute
zapatuan [azaroak 17] herriko frontoiko kantxan. Elkarteko kideek aurreratu dutenez, ordu bete inguru iraungo du ikastaroak, eta ondoren, askaria egingo dute prestatutako janariagaz. “Txorizoagaz eta txokolateagaz jango ditugu taloak”, aitatu dute.
Ikastaroa doan izango da, eta antolatzaileek eramango dituzte taloak egiteko osagai guztiak. “Beraz, parte hartzaileek
ondo pasatzeko gogoa besterik ez dute eraman beharko”. Antolatzaileek zehaztu dutenez, izenik ere ez da eman behar parte hartzeko, “animatzen direnak frontoira agertzea besterik ez dute egin behar”.
Ekimena batez ere, umeei begira antolatu dute, baina edozeinek parte hartu dezakeela azaldu dute elkarteko kideek. Ikastaroa
17:00etan hasiko da, eta 18:00etan dastatuko dituzte guztien artean egindako taloak.