Aritz Erkiaga
Munduko txapelduna omenduko du Ispasterko herriak domekan [azaroak 18]. Zelan ez zesta punta partiduak ez dira faltako; Markina-Xemeingo Zesta Eskolako kideen laguntza izango dute. 12:30etik aurrera, zesta punta partiduez gozatu ahalko da Areitz-Bi frontoian. Erkiagak egingo du ohorezko sakea.
Beraz, zesta ikuskizunagaz hasiko eguna, eta jarraian, leku berean egingo dute omenaldi ekitaldia.
Markina-Xemeingo Zesta Eskolako umeek jokatuko dute, eta gainera, Erkiagak berak ere jokatuko du. Hain zuzen, Etxabegaz bikotea osatutako ariko da, Antxon etxebarritarraren eta Leku ondarrutarraren kontra. Aipatu hiru zestalariak Berriatuko Zesta Eskolako kideak dira.
Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko diote. Hala, txapela eta oroigarria emango dizkiote.
Ispasterko Udalak antolatu du omenaldia, eta Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak adierazi duenez,
ibilbide osoari egindako
aitortza da domekakoa. “Munduko txapelketa irabazi zuenetik argi izan dugu zer edo zer egin behar genuela. Gauza handia izan da Ispasterrentzat. Bera ez da omenaldi zalea, baina, bere ibilbidea omentzea merezi du”, azaldu du Ispasterko alkateak.
Puntista gaztea da, eta AEBtan zein Euskal Herrian hamaika partidu eta txapelketa jokatu ditu. «Gazte-gaztetatik ari da jokatzen, eta herriaren izena Munduan zehar zabaldu du zelanbait». Alkateak domekan frontoira hurbiltzera animatu ditu herritarrak.
Era berean, omenaldia
zesta puntari bultzada emateko ere badela azpimarratu du Saenz de Buruagak.
Finaleko onena. Erkiagak Jonathan Hernandez Duke puntista gasteiztarragaz Olharan eta Etxetori irabazita jantzi zuen txapela orain dela hilabete, Bartzelonan, eta finaleko jokalari onena izendatu zuten.
Bartzelonan jokatu zuten Pelotaren Munduko Txapelketa.
Argazkia: Jai Alai News.