ADES espeleologia taldeko kideak izan ziren Lekeitioko Armintxe kobako aurkikuntza egin zutenak. Gaur [azaroak 14] Bizkaiko Foru Aldundiak egindako agerraldiaren harira, Oier Gorosabel ADESeko kideak esan du datu arkeologiko interesgarriak eman dituztela, baina
kobara sartzen den ur kopuruaz kezka agertu du. “Aldundikoek ez dakite ura nondik datorren eta nora doan. Aldundikoek ez daukate ideiarik ere nolakoa den Larrotegiko bailararen hidrogeologia”.
Dionez, Armintxe urez estaltzeko arriskua “handia” da, “uste dutena baino handiagoa”. ADESekoek behin eta berrriz ohartarazi dute arrisku horren inguruan, bai aldundikoekin edukitako bileretan eta baita publikoki ere. “Armintxeko aurkikuntza egin genuenetik, ADESeko kideok azterketak egiten ibili gara, eta datu oso garrantzitsuak ditugu. Arduradunei ere datu horiek helarazi dizkiegu, baina inoiz ez dute interesik agertu”.
Agerraldian
egiak ez diren gauza batzuk ere esan dituztela gaineratu du Gorosabelek. “Uholdeengatik margoak ez direla kaltetzen ari esan dute, eta hori ez da horrela”. Euri asko egiten duen garaian, ura 8 metrora arte ailegatzen dela esan dute, eta ADESeko kideak dio hori ez dela zuzena. “20 metrora ere ailegatu izan dela ziurtatuta daukagu. Gainera, 13 metroko altueran ura kanpora ateratzeko zuloa dago, eta ura kanpora atera izan da. Beraz, 8 metrotik gora heltzen da”.
Zabor pilaketak ere ez duela kalterik sortzen esan dute aldundikoek, sarreraren parean geratzen delako. ADESekoak, baina, kontrakoa dio. “Zaborra erdi mailako solairu baten geratzen zen, 16 metroko altueran. Eta gune hori urez estaltzen zen 2016an. Dena dela, datu oker hori zergatik eman duten ez dakigu. Edo informazioa ezkutatu nahi dute, edo ez dakite zaborra non pilatzen den”.
Armintxe koba, ADESekoek zabaldutako irudian.