Azaroaren 30ean eta
abenduaren 1ean janari bilketa egingo dute Markina-Xemeinen. Herriko Caritasek Elikagaien Bankuagaz ere badihardu lankidetzan, eta estreineko, Gaboenei begirako bilketa bat egitea adostu dute. Markina-Xemeingo Caritaseko kideek azaldu dutenez, Eroskiren bidez egingo da bilketa. Egun bi horietan establezimendu horretan erosten dutenek
borondatea utzi ahalko dute, kutxazainari horrela adierazita. “Diru horregaz behar diren gauzak erosi ahalko dira premia dagoenean”, jakinarazi dute.
Caritaseko kideek azaldu dutenez, janari mota batzuetatik asko izaten duten bitartean beste batzuk falta izaten dira Elikagaien Bankuan, olioa adibidez, eta premia hori asetzea da lortu nahi dutena modu horretan, diru laguntza bidez.
Bestalde, ohiko janari batzea ere egingo dute: kutxa batzuk ere jarriko dituzte, eta erosleek nahi dutenegaz poltsak bete eta kutxa horretan utzi ahalko dituzte. ” Hiru edo lau boluntario egongo dira dendan poltsak batu eta kutxak antolatzen joateko”, zehaztu dute Caritasekoek. Lan horretarako
boluntario bila ere badabil elkartea. “Ordu bete edo bi orduko txandak antolatuko ditugu 09:00etan hasi eta 21:00ak arte”. Boluntarioen lana antolatzeko batzarra deituko dutela aurreratu dute. Hala ere, laguntzeko prest daudenak
634 44 35 35 edota 615 70 00 08 telefono zenbakietara deitu dezakete.
Familia ugari. Elikagaien Bankua eta Caritasen hartu emonari esker Markina-Xemein, Etxebarria eta Ziortza-Bolibarko
80 familiak jasoten dute janaria hilero. Jakitera eman dutenez, hilean behin Basaurira joaten dira janari bila, eta Europar Batasunetik ere elikagaiak bialtzen dituzte. “Urtean sei bider bidaltzen du kopuru bat Europar Batasunak. Azkenengoz hiru tonelada bialdu zituzten”. Europako elikagaiak Zierbanatik ailegatzen zaizkie, Bizkaikoa jasotzera, ostera, Basaurira joaten dira udalaren kamioiagaz.