Maria Zorroza izan da lehen emakume euskalduna Behobia-Donostian
Gernikarra bosgarren sailkatu da emakumezko seniorretan. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko korrikalari askok parte hartu dute lasterketan. Katherine Switzer omendu dute aurtenMaria Zorroza Iriondo izan da lehen emakume euskalduna Behobia-Donostia ...
Gernikarra bosgarren sailkatu da emakumezko seniorretan. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko korrikalari askok parte hartu dute lasterketan. Katherine Switzer omendu dute aurten
Maria Zorroza Iriondo izan da lehen emakume euskalduna Behobia-Donostia lasterketan. Gernikarrak ordubete, 16 minutu eta 47 segundotan egin zuen proba ospetsua, emakumezko seniorretan bosgarren postuan sailkatuz. Mendiko lasterketetan ezeze, errepidean ere onenen artean egoteko gaitasuna daukala erakutsi du.Aroa Merino kanariarrak errekorra egin zuen domekan: 01.09.41. Merinok hirugarren aldiz jarraian irabazi du Behobia-Donostia. Irabazlearengandik 56 segundora helmugaratu zen Diana Martin madrildarra, eta Alicia Perez zaragozarrak (01.14.14) osatu zuen emakumezko seniorren podiuma.
Jaume Leiva izan zen domekan azkarrena; kataluniarrak ordubete eta 20 segundo markatu zituen helmugan. Gizonezkoetan, bi euskal herritarrek osatu zuten podiuma: Iraitz Arrospide tolosarrak eta Ivan Fernandez gasteiztarrak, hurrenez hurren. Arrospide Leivarengandik minutu bat eta 25 segundora ailegatu zen, eta Arrospiderengandik bederatzi segungora amaitu zuen Fernandezek.
Korrikalariei dagokienez, urtez urte markak hausten ari da Behobia-Donostia. Bosgarren aldiz, 30.000 korrikalari baino gehiagok izena eman zuten lasterketan, eta 26.027 animatu ziren parte hartzera. Horietatik 24.914 helmugaratu ziren; 241k lasterketa utzi behar izan zuten. Helmugara iritsitakoen artean 965 deskalifikatu zituzten.
Gero eta emakume gehiago
Aurten ere emakumezkoen parte hartzea igo egin dela azpimarratu dute antolatzaileek. Errekorra ezarri dute, korrikalarien %24,1era iritsiz. Bestalde, Behobia gaztean 204 korrikalari elkartu ziren (248 gaztek aurrez izena eman zuten).
Hain zuzen, asko eta asko dira Busturialdetik, Lea-Artibaitik eta Mutrikutik lasterketan parte hartzen dutenak. Adibidez, Lekeitiotik 55 korrikalari joan ziren; 32 gizonezko eta 23 emakumezko. Guztiak zoriondu dituzte Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeak eta Lekeitioko Udalak. Pozik agertu dira Behobia-Donostia lasterketara joateko egindako deialdiaren erantzunagaz. Bien artean antolatutako autobusean Lea-Artibaiko hainbat pertsonak parte hartu dutela jakitera eman dute.
Mutrikutik eta Ondarroatik 28na korrikalarik parte hartu zuten. Esate baterako, Iñaki Uranga Granado izan zen ondarrutar azkarrena (1.16.19), eta nesketan, Nerea Agirregomezkorta Eizagirre (1.37.19). Mutrikuarren artean, 01.08.44ko denboran sartu zen helmugan Iñigo Agirre Arrieta, eta 1.42.43koan Amaia Elosegi Azpiazu.
Aurten Katherine Switzer korrikalari estatubatuarra omendu dute, ofizialki maratoi batean parte hartu zuen lehen emakumezkoa. Behobiako irteera puntuan egon zen, eta oroigarria eman zioten: Bostoneko Maratoian eraman zuen dortsalaren zenbakia (261) zeukan koadroa. Halaber, Donostiako helmugan eta sari banaketa ekitaldian ere parte hartu zuen.