Munitibartarrak artisau eta elikagai azokan batuko dira domekan
Artisau eta Elikagai Azoka hartuko du Munitibarrek domekan. 10:00etatik aurrera askotariko produktuak jarriko dituzte plazan.
Hortaz, ikusteko eta erosteko eskaintza zabala izango da; hemerezi postutan ehungaiak, bitxiak, osagarriak, euskal pastelak edota txakolinak egongo dira. Salmahai gehienak artisauenak izango dira.
Herriko sortzaileak. Azokan izango dira, halaber, udalerriko artisau zein artistak. Hain zuzen, bost munitibartarrek euren sormen lanak jarriko dituzte salgai.
Jesus Belaustegiren zeramikak, Jose Karmelo Goikoetxearen margoak, Reyes Jimenezen motxilak eta poltsak, Txus Cuenderen ilustrazioak eta Pascual del Rioren margo errealistak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute azokara bertaratzen direnek.
Era berean, eskualdeko beste bi ordezkari ere Munitibarren egongo dira. Etxebarriko BotxinChek umeentzako artikuluak eroango ditu, eta Berriatuko Txilin Patch-en jostun txokoan ere haurrei zuzendutako hainbat arropa izango dira, irudi koloretsuekin.
Bacalao D’oro Herriko tabernak udalaren laguntzagaz antolatu du lehenengoz artisau eta elikagai azoka.