Iazko harrera onak animatuta, bigarren Odoloste Eguna antolatuko du Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak
zapatuan [azaroak 17]. Astelehen arratsaldean hasita, aste osoa daramate prestaketa lanetan hamar bat lagun inguruk. Joan den urteko kopuru guztia (100 korda) amaitu zela ikusita, aurten gehiago egitea erabaki dute. Horrela,
150 korda inguru prestatuko dituztela aurreratu dute,
Beti Jai elkartearen egoitzaren aurreko plazan ospatuko den ekitaldian eskaintzeko.
Beti Jaikoak odolosteak prestatzen.
Beti Jaikoek azaldu dutenez, 780 porru, 84 kilo tipula, 4 kilo gatz, 35 kilo koipe eta 25 litro odol erabiliko dituzte odolosteak prestatzeko. Lan handia dela aitortu dute, baina iaztik badauzkate tresna batzuk, eta mahai ezberdinetan banatuta, taldeka lan egiten ari dira herritarrentzat jai ederra prestatu asmoz. “Odolosteen barruko masa prestatzeko porru eta tipula guztiak txiki txiki egin ditugu hasteko; ondoren, sueztitu egin ditugu, eta azkenik, odola bota eta makinaren laguntzagaz masa esteetan sartzen dugu”, azaldu dute. Odolosteak egiteko era asko daudela aitatu dute, baina ahal den gozoenak egiten saiatzen ari dira.
Odoloste horien guztien dastaketa
12:30ean hasiko da. Aurten, mahai ezberdinak jarriko dituztela zehaztu dute. “Mahai batzuetan odoloste pintxoak egongo dira, eta beste batzuetan odoloste osoak salduko ditugu”.
Beti Jai elakerteko kideek eurak antolatutako odoloste egunean
Egunari oraindik jai giro handiagoa emateko, erromeria ere antolatu dute aurten. Itziarko Jon Ostolaza eta bere taldea etorriko dela iragarri dute, “soinu, pandero eta jasbanarekin jaia animatu eta dantzarako aukera ere egoteko”.