Azaroak 21era arte izena eman daiteke Ziortza-Bolibarko mendi martxan
Azaroaren 25ean [domeka] egingo dute Ziortza-Bolibarko desanexioa gogoratzeko mendi martxa. Hain zuzen, desanexioaren XIV. urteurrrena da aurtengoa, eta martxa hamabigarrenez egingo dute.
Parte hartu nahi dutenek azaroaren 21a [eguaztena] dute izena emateko azken eguna. Izen ematearen barnean sartzen dira gosaria, hornidurak eta oparia. 14 urtera artekoek 6 euro ordaindu behar dituzte, eta gainontzekoek 12 euro.
Izena emateko hiru modu daude. Alde batetik, 652 73 94 65 telefono zenbakira deitu edota Whatsapp bidez mezua bidali daiteke. Bestetik, Ziortza-Bolibar Mendi Martxaren facebook orrialdera edo ziortzabolibarmendimartxa@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzita. Izena ematerakoan izen abizenak zehazteko eskatu dute. Ordainketa egiteko kontu korronte zenbaki hau eman dute: 3035 0008 77 008.1. 02620.5 (pertsona bakoitzaren izena eta bi abizenak jarri behar dira).
Aranbaltz Kultur Elkartearen ordezkariek zenbait ohar eman dituzte. Epez kanpo apuntatzen direnek ez dute oparia ziurtatuta izango, eta beste behin, ingurunea garbi mantendu eta errespetatzeko dei egin dute.
Bi ibilaldi. Beste behin, bi ibilaldi egingo dituzte. 23,41 kilometroko ibilaldi luzea eta 10,48 kilometroko ibilaldi laburra. Martxan zehar hiru hornidura gune egongo dira: Iruzubietan, Oizeko Iturzuri Aterpetxean eta Ziarregin. Halaber, bukaeran plazan ere ez da jan-edanik faltako.