Lea-Artibai eta Mutrikuko mendigoizale taldeen irteera amankomunatua egongo da domekan [azaroak 18].
25 urte betetzen dira Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldea, Lekeitioko Lumentza Mendi Taldea, Ondarroako Aurrera, Mutrikuko Burumendi eta Debako Burdin Kurutz Mendi taldeak irteera bateratuak egiten hasi zirela, eta 1997ko azaroaren 7ko lehen irteera hura oroituz, ibilbide bera osatuko dute urtemuga ospatzeko.
Mendi Taldeen irteera Jaizkibelera. Argazkia: Julen Unamuno
Horrela, Araiatik Arantzazura arteko ibilbidea osatuko dute mendi taldeek, bidean Aratz (1.443 metro) mendia igota. Hurrengoa izango da ibilbide osoa: Araia
( 621 m ), Zirauntza ibaiaren iturburuko bidezidorra ( 830 m ), Umeleku, Aratz (1443 m.), Elurzuloak
( 1.431 m ), San Adriango galtzada, Leizarrate (1.053m), Portu Zaharra, Askiolako lepoa, Zelai bizkar, Urbia eta Arantzazu.
Guztira,
18 kilometrotako ibilbidea izango da domekan egingo dutena; mendi taldeek jakitera eman dutenez, gutxi gora behera, bost ordu eta erdian egiteko modukoa.
Autobusa. Beti bezala, autobusa egongo da irteerara joateko. Debatik abiatuta, autobusak 07:40an egingo du geldialdia Mutrikuko biribilgunean eta 07:45ean batuko ditu Ondarroan dauden mendi zaleak Astilleruko geltokian. 08:00ak aldera ailegatuko da autobusa Markina-Xemeingo autobus geltokira. Lekeitiokoek ere Markina-Xemeinen hartuko dute autobusa.
Lea-Artibai, Mutriku eta Debako mendi taldeek irteera bat egiten dute
hilero. Herri danetakoak batu eta egitaraua prestatzen dutela jakitera eman dute. “Gero, lanak banatu eta bakoitzak dagozkion irterak prestatzeaz arduratzen da”. Ondo konpondu dira; 25 urtetan martxa hartuta daukate, eta hilero, irteeretara autobuskada joaten dela nabarmendu dute. “Mendi zala guztiak animatzen ditugu parte hartzera”, gonbidatu dute, giro ona egoten dela azpimarratuta.