Udal tasak eta zergak KPIaren (Kontsumoaren Prezioaren Indizea) arabera igotzea erabaki du Lekeitiko Udalak, azaroaren 8an egindako osoko bilkuran.
Tasa eta zergen %2,3ko eguneratzea ezarriko dutela jakitera eman dute. Aldiz, kirol ikastaroen tasak eta egun dauden hobari fiskalak matenduko dituzte. Tasa berriak
urtarrilaren 1etik aurrera egongo dira indarrean.
Tasen eguneraketa besteak beste hurrengo arloetan ezarriko dutela zehaztu dute: Ondasun higiezinen gaineko zerga, hiri ondasunak, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, zaborren bilketa, kiroldegiko abonuak, estolderia, hilerria, merkatuak eta hirigintzako baimenak.
Gizartearen egoera ekonomikoa dela eta, azken lau urteetan tasa eta zerga hauetan ez dela igoerarik egon gogora ekarri du udalak. “2015etik ez dira tasak igo, hots udal gobernu hau lanean hasi zenetik”, esan dute. Udalaren egoera ekonomikoa ona dela onartu du udalak, baina prest egon behar dela diote “hurrengo urteetan izango diren erronkei modu jasangarrian aurre egiteko”. Eta horrek bultzatu dituela esan dute, ordenantza fiskal hauen eguneratzea proposatzera. “Herritarrek geroz eta zerbitzu publiko gehiago eta hobeak eskatzen dituzte, eta horri
erantzun egokia eman behar zaio. Udalerrian egun dugun ongizate maila mantentzeak erakunde publikoen lankidetzagaz gain, hiri kontribuzioa ere eskatzen du”.
Bestalde, udal langileen soldatak ere eguneratu egingo dituzte. ” 2018ko
soldatak %1,75 igoko dira, atzeraeraginezko izaeran ordainduz. 2019an, berriz ere, %2a igotzea aurreikusten da hurrengo aurrekontuen zirriborroan”.
Ezadostasuna. Udal langileen soldata igotzeagaz ados agertu da Lekeitioko EH Bildu, baina tasa eta zergen igoeraren
kontrako bozka eman du. Diotenez, momentu honetan ez dago justifikaziorik herritarrek zaborrak, estolderia,
Ondasun Higiezinen gaineko zerga,
gainbalio-zerga… gehiago ordaintzeko. “Ez gaude konforme alde batetik, uste dugulako udal gobernu hau sartu denetik ez dela egin lanketa berezirik tasa horiek igotzeko”. Bestalde, momentu honetan udalean
dirua badagoela azpimarratu dute EH Bildukoek, eta datorren urtean oraindik gehiago egongo dela azaldu dute. “Aurten udalak ia 350.000 euro gehiago izan ditu, eta datorren urtean are gehiago, zerga bilketa igo delako. Herritarrek
PFEZ (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) bidez Bizkaiari ekarpen handiagoa egin diotela esan nahi du horrek,
ordaindu dute, eta beraz, garaia da igoerarik ez egiteko”.
EH Bilduk dionez, udal tasen 2,3ko igoera horren bidez 40.000 euro bilduko lituzke udalak, eta momentu honetan dirua egonik, eta datorren urtean oraindik gehiago, “herritarren pentsura” ibili barik beste formula batzuk aurkitu beharko litzatekeela uste dute. “Herritarren poltsikoetan eragin zuzena duten zerga guztiak golpera igoko dituzte arrazoirik barik”.