Kirola eta euskara mintzagai izango dira Etxebarrian
Euskaraldiaren ekimenen baitan, Kirola eta euskara mahaingurua egongo da barikuan [azaroak 16] Etxebarriko kultur aretoan, 19:00etan. Herriko kirolariek parte hartuko dute ekitaldian, eta euren kirol bizimoduan euskarari lotuta izan dituzten bizipen eta esperientziak azalduko dituztela jakitera eman du Urtzi Uriarte Etxebarriko Euskara Teknikariak. “Gaur egungo euskararen egoeraz ere ariko dira”.
Hizlariak Eider Guenaga (zaldizkoa), Amets Txurruka (txirrindularia), Ricardo Alberdi (puntista) eta Sarai Larrinaga (atleta) izango dira. Ordu bete inguru luzatuko den mahai ingurua Joseba Artza Urta bertsolariak gidatuko du.