Bedialauneta, Arriola, Goikoetxea eta Odiaga dira EH Bilduren Lea-Artibaiko alkategai batzuk
2019ko udal hauteskundeetarako EH Bilduren Berriatuko eta Ondarroako alkategiak zeintzuk ziren jakina bazen ere, orain, koalizioak Markina-Xemein eta Munitibarko zerrendaburuak zeintzuk izango diren ere esan du. Jon Arriolak (Berriatua), Zunbeltz Bedialaunetak (Ondarroa) eta Arkaitz Goikoetxeak (Munitibar) hautagaitza errepikatuko dute, baina Aitor Odiaga markina-xemeindarra estreinako izango da zerrendaburu. Aurreko EH Bilduren zerrendan joan zen, eta azken agintaldi honetan zinegotzi izan da. Orain, ostera, alkatetzarako hautagaia da.
MARKINA-XEMEIN. Aitor Odiaga Garatek 50 urte ditu, eta ofizioz iberdrolako mantenu arduraduna da. 2012tik ingurumen zinegotzia izan da, baina hirigintza, gizarte ekintza eta kirol arloetan ere lan egin izan du. Gaur egun alkateordea da. Odiagaren helburuetako bat egiteke dauden proiektuei jarraipena eman eta proiektu berriak egitea da. “Herriarekin konpromiso handia daukat; herritik herriarentzako lan egitea da nire gogoa”.
ONDARROA: Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga 1974an jaio zen, eta igeltseritza iaksi zuen. Alkate izan aurretik fundizioko langilea zen. Gaztarorik herrgintzan ibili izan da. “Besteak beste, intsumisoa, ekologista, Kresala kultur elkarteko partaidea eta Radixu irratian ibilitakoa da”. 2015ean ingurumen zinegotzi legez sartu zen udal lantaldean, eta Josu Arrizabalagak alkatetza utzi eta gero alkate izendatu zuten. Agintaldi zaila tokatu zaiola dio, baina egoera zailenean ere aurrera egiteko gai izan dela esan dute. “Hiru urte hauetan asko ikasi dugu, administrazioaren kudeaketa, herritarren arazoak zuzenean bideratu… Nekea ere handia izan da, baina herrigintza horrelakoa izaten da, ezina ekinez egina”. Aurrera begira, herritarren parte hartzea bultzatzea, politika sozialak indartzea eta auzoak hobetzea dira Ondarroako EH Bilduk hurrengo agintaldirako dituen erronkak, “Ondarroa solidarioagoa, parte hartzaileagoa, euskaldunagoa eta biziagoa izateko”.
BERRIATUA: Jon Arriola Espillak 35 urte ditu. Ameriketako Estatu Batuetan jaio bazen ere, bizitza guztian Berriatuan bizi izan da. Mekanizazio bidezko produkzioan goi mailako ikasketak egin zituen. Diotenez, gaztetatik izan du herriarekiko konpromisoa; “14 urte zituenetik izan da militantea eta eragilea egitura desberdinetan: Ezker Abertzalean, ikasle mugimenduan, gazte asanbladan, Euskal Herrian Euskarazen…”. EH Bilduren kide izan da hasieratik, eta 2015ean berriatuarrek alkate izendatu zuten. “Nire herria maite dut. Beraz, nire ekarpena egiten jarraitu nahi dut herri feminista, euskalduna eta askea lortzeko. Beste lau urtez alkate legez udaletik jarraitu nahi dute ekarpenak egiten”.
MUNITIBAR: Arkaitz Goikoetxea Etxebarriak 40 urte ditu, eta ingeniaria da polimeroetan eta proiektuen kudeaketan: Proiektuen Kudeaketan Masterra egin zuen. Azken lau urteetan alkatea izan bada ere, ITP enpresan ingeniari legez ere lan egiten du; bi lanbideak uztartu ditu. Gaztetaik herriko talde eragile ezberdinetan lanean ibili da (gaztetxe, guraso elkartea…). 2015ean udalgintzan sartu zen, eta herritarrek alkate legez aukeratu zuten. Garrantzi handia ematen dio herritarren parte hartzeari eta erabakiguneak udaletxetik atera eta zabal egiteari. Eta aurrerantzean ere hori bultzatzen jarraitu nahi duela dio.