'Denok batera' desfile solidarioa egingo dute Bermeon, zapatuan
Helburu solidarioak dituen Denok batera desfilea egingo dute Bermeoko Artza frontoian, zapatuan, 19:30etik aurrera. Kate Sarea elkarteak bosgarren urteurrena ospatzeko antolatu du ekimena.Egoera txarrenean daudenei laguntzeko sortutako elkartea da Kate...
Egoera txarrenean daudenei laguntzeko sortutako elkartea da Kate Sarea; besteak beste, elikagaiak banatzen ditu, beharrizanak dituzten familien artean.
Mirenlur Santiago Kate Sarea elkarteko presidenteak azaldu duenez, desfileagaz guztien arteko elkarlanaren bidez hainbat helburu lortu nahi dituzte. Alde batetik, herriko komertzioetan elikagaiak erosteko dirua lortu nahi dute. Elikagai horiek beharrizanak dituzten eta Kate Sareak zaintzen dituen umeei zuzenduko dizkiete. Beste alde batetik, gaixotasun arraroak dituztenen familiei laguntzeko eta gaixotasun horien ikerketarako Eutsi Gogor Danok Batera proiektura bideratzeko dirua batuko dute.
Izan ere, «tratamenduek, ospitaleetara joan-etorriek, terapiek eta bestelakoek kostu handia» daukatela nabarmendu dute. Joan den urtean, hain zuzen ere, dantza jaialdi solidarioa egin zuten proiektua bultzatzeko.
Bermeoko komertzioa sustatu eta bultzatzeko helburua ere badaukate: dendek eskaintzen dituzten kalitatezko produktuak erakutsi eta balioan jarri nahi dituzte, modu horretara, tokiko komertzioa bultzatu eta sustatzeko.
Desfile solidarioa antolatzeko 100 pertsona baino gehiagok boluntario moduan lan egingo dutela zehaztu dute Kate Sareako antolatzaileek. Boluntarioekin batera, herriko 60 komertziok parte hartuko dute.
Bi motako sarrerak
Sarrerak bi motatakoak izango dira. Alde batetik, 8 eurokoak erosi ahal izango dira: horiekin sarrera, zozketa eta herriko bost komertzioetako promozioetan erabiltzeko bonua eskuratu ahalko dira. Bestetik, desfilera ezin joan, baina lagundu nahi dutenek 3 euroko eserleku zero bonua eskuratzeko aukera edukiko dute.
Sarrerak dagoeneko Luma liburudendan eta Artza frontoiko leihatilan eskuratu ahalko dira. Azken horretan, 18:30etatik 20:00etara bitartean, eta azaroaren 24an, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era.
Kate Sareak eta Bermeoko Udalak herritar guztiak desfile solidarioari laguntza ematera eta parte hartzera animatu dituzte. «Gure herriko komertzioen kalitatezko eskaintzaren erakusleiho paregabea izango da, eta, aldi berean, beharrizanak dituztenei lagunduko diegu».
Laguntzaileen artean, Berton herriko enpresa ertain eta txikien elkartea, Eutsi Gogor Danok Batera elkartea, Bermeoko Udala, Gurutze Gorria, Bermeoko Herri Babesa, Artza Pilota elkartea, Seguros Bilbao, Eleizalde Ikastola, Sagrado Corazon ikastetxea, San Frantzisko Herri Ikastetxea, BUSTURIALDEKO HITZA, Itsuki irratia, Oizmendi telebista, Deia, BermeoPrint, Belaixe, Irudi, Luma liburudenda, herriko komertzioak eta herriko boluntarioak daude.