Ondarroan desagertutako arrantzalearen bila jarraitzen dute
Gaurkoagaz, hirugarren egunez ekingo diete bilaketa lanei. Domeka goizaldean desagertu zen 44 urteko arrasatearra. Lekeitio eta Mutriku artean ari dira bilaLarrialdi zerbitzuek domeka goizaldean Ondarroako barra musturrean desagertutako arrantzalearen ...
Gaurkoagaz, hirugarren egunez ekingo diete bilaketa lanei. Domeka goizaldean desagertu zen 44 urteko arrasatearra. Lekeitio eta Mutriku artean ari dira bila
Larrialdi zerbitzuek domeka goizaldean Ondarroako barra musturrean desagertutako arrantzalearen bilaketari ekingo diote gaur ere, eguna argitu orduko. 08:00ak bueltan hasiko dira itsasoz, airez zein lurrez bilaketa egiten Ertzaintzaren uretako unitatea, Ertzaintzaren eta Itsas Salbamenduko helikopteroak eta Gurutze Gorriko ontziak. Atzo eta herenegun ere arrantzalearen bila aritu ziren, baina ez zuten arrakastarik eduki.44 urteko arrasatearra domeka goizaldean desagertu zen arrantzan ari zela. Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, arrantzalearen lagun batek eman zuen abisua, domekan 02:30ak aldera. «Norbanako batek abisua eman digu, Ondarroako portu musturrean zegoen arrantzale bategaz hitzordua zuela, baina ez zuela aurkitzen. Portu musturrean kainabera aurkitu du, baina arrantzalea ez zegoen bertan».
Abisua jaso orduko gizonezkoaren bilaketa hasi zuten Ertzaintzaren urpekari talde batek eta Ondarroako Gurutze Gorriko itsas salbamenduko ontzi batek. Aldi berean, larrialdi zerbitzuetako teknikari bat eta suhiltzaileak portu musturrera joan ziren. Eguna argitu orduko, gainera, bilaketa areagotu egin zuten. Egun osoa bila aritu ondoren, 18:00ak aldera, bilaketa lanak amaitu egin zituzten argi faltagatik, eta galdutakoari buruzko berririk barik.
Eremu zabalagoa
Atzo ere, eguna zabaltzeagaz batera hasi zituzten bilaketa lanak Ertzaintzak, Gurutze Gorriak eta Itsas Salbamenduko zerbitzuek. Ertzaintzak azaldu zuenez, gainera, Guardia Zibilaren ontzi batek ere bilaketa lanetan lagundu zuen.
Larrialdi zerbitzuek bilaketa eremua zabaldu zuten atzoko jardunaldian; Mutrikutik hasi eta Lekeitioraino. «Ordu asko pasa dira, eta pixka bat zabaldu egin behar izan dugu bilaketa eremua. 08:00etan, eguna egiteagaz batera eta marea behean zegoela aprobetxatuz atera gara, ea zorterik bazegoen, baina oraindik ez dugu ezer aurkitu, eta segi egiten dugu bilaketan», aitortu zuen Migel Angel Anakabe Gurutze Gorriko kideak.