Lekeitioko Udalak 2019ko aurrekontu proposamena aurkeztu du Ogasun batzordean. Datorren urterako
8.437.448 euro izango ditu udalak,
aurten baino 142.770 euro gehiago (Iaz, 8.294.678 euro izan ziren). Udal Gobernuaren apostua “oinarrizko eta kalitatezko” zerbitzuak bermatzen eta mantentzen jarraitzea dela esan dute, eta beraz, aurrekontua eratzeko irizpide batzuk izan dituzte oinarri: hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak betetzeko beharrezkoak diren ekintza, programa eta zerbitzuak aurrera eramatea; udal eraikinak baldintza egokietan egoteko inbertsioak egiten jarraitzea; herria irisgarriagoa egitea eta eraikinetan inbertitzeaz gain bestelako inbertsio batzuk ere aurrera ateratzea. “Hezkuntza arloan izango dituzte datorren urteko aurrekontuak eragin nabariena, eskola eta Iturriotzen inbertsioak, musika eskolan inbertsioak, ikastola eta eskolako ekarpenak igoko dira”, azaldu dute.
2017ko aurrekontuagaz alderatuz, kultur atalera 51.000 euro gehiago zuzenduko ditu udalak. “Ikusgarri Zine Aretoan egiten den zinema eta beste ekintza kulturalen programazioa mantentzeko laguntza jasoko du Zinemazale Elkarteak. Laguntza gehitu eta baliabide berriak erosiko dira Ikusgarri aretorako”. Kaleka, Zinebilera, San Pedro eta San Antolin jaiak bultzatu eta sustatzeko asmoa ere erakutsi dute. Horrez gain, herriaren garapenerako onuragarriak eta inpaktu ekonomikoa duten kirol ekintzak bultzatzen jarraituko dute. Bestalde, alderdi ekonomikoa sustatzen jarraitu nahi dute turismoari begirako material berria argitaratuz eta Kitto merkatari alkartearekin elkarlana bultzatuz eta sakonduz.
Inbertsioen atalera
791.360 euro bideratu nahi dituztela jakinarazi dute, eta besteak beste hauek dira atal horren baitan aurrera eraman nahi dituzten egitasmoak:
- Santa katalina paseoaren laugarren fase bat (120.000 euro).
- Arropaineko losa edo espaloia amaitu.
- Elizatea – gasolindegiko urbanizazioaren bigarren fasea eta eraikinaren proiektua egin
- Mendieta ontziola (30.000 euro)
- Eskola publikoetan segurtasun neurriak lortzeko inbertsioak (90.000 euro)
- San Andres auzoko urbanizazioa bukatu
- Musika eskolako egoitza berriaren bigarren fasea gauzatu (135.000 euro)
- Kirol instalakuntzetan hobekuntzak egin (100.000 euro)
- Abaroa jauregian leihoak aldatu (30.000 euro)
- Lekeitiarrentzat uda sasoian aparkalekuak ziurtatzeko sistema guneak zabaldu
- Argiteria publikoa aldatu, IV. fasea (22.000 euro)
- HAPO (30.000 euro)
- Bizikleten ibilbidea osatzen hasi (35.000 euro)
- Merkatu plaza (50.834 euro).
Ekarpenak egiteko aukera. Aurrekontu proposamena eratu asmoz, udalak herritarren ekarpenak jaso eta erantzun dituela azaldu du. Oraindik, baina, bigarren aukera bat edukiko dute herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko. Horretarako aurrekontuen proposamen osoa ikusgai jarriko dute udalaren web orrialdean, eta azaroaren amaieran kaleratuko duten
Udaletik aldizkarian ere argitaratuko dute.
Lekeition erroldatuta daudenak eta adin nagusikoak direnak,
abenduaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dituzte ekarpenak udalaren edozein bulegotan, udalaren web orrialdearen bidez,
partehartzea@lekeitio.eus helbide elektronikora mezua bidalita edota whatsapp bidez 656 70 25 08 telefono zenbakira idatzita. “Ondoren, ekarpenak egin dituzten herritar guztiei hamar egunen buruan erantzungo zaie. Udal Gobernuak proposamenak baloratu eta abenduaren azken astean Ogasun Batzordea deituko da”.
Abenduaren 20an, 19:00etan, aurrekontuen inguruko azalpenak emango dizkiete herritarrei Azkue Aretoan egingo den batzar zabal baten. Abenduaren 26an Osoko Bilkura deitzeko asmoa daukala zehaztu du udalak, “aurrekontuak eztabaidatu eta, ala badagokio, hauek onartzeko”.