Markina-Xemeinek ere bat egingo du zapatuan [azaroak 24] Fair Saturday mugimenduagaz. Herriko zazpi musikari eta abesbatza elkartuko dira
17:30ean,
Mertzedeko elizan,
Izarbidean elkartearen aldeko emanaldi berezi-berezia eskaintzeko. Ilusiorik ez da falta ez antolatzaile ez parte hartzaileen partetik; ekimen solidarioagaz bat eginez, talentu guztia oholtzara ateratzeko prest daude Igor Larrinaga, Haizea Martiartu, Mikel Ansola eta Manuel Perez musikariak, eta Emeki Korala, Xemein Abesbatza eta Xemein Gazte Ahots Abesbatzako partaide guztiak.
Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari ohiaren proposamenez 2014an egin zen lehen Fair Saturday Markina-Xemeinen. Alberdigaz gain, Maria Jesus Ugalde sopranoak, Xemein Abesbatzak eta Mikel Ansola musikariak parte hartu zuten orduan. Horrela, gaur egun Musikenen ikasten ari den organujole gaztearengana jo zuen Luis Egurrola Izarbidean elkarteko lehendakariak bigarren emanaldi bat prestatzeko proposamenagaz, eta berehala osatu zuten egitaraua.
Estilo ezberdinak batu eta gertuko emanaldi bat izatea nahi izan dute, zelan ez, herriko artistekin. «Kontzertu eklektikoa izango da. Musika estilo ezberdinak bilduko dituena:klasikoagoa, modernoagoa, ahotsak…», azaldu du Luis Egurrolak.
Izarbidean elkartekoak eta parte hartzaileak Mertzedeko elizan.
Atseginez. Minutu gutxi egingo dituzte artistek oholtza gainean. Bata bestearen atzetik txandakatzen joango dira, ordu bete inguruko kontzertua osatuz. Proposamen interesgarriak aukeratu dituzte, gainera, publikoarengana heltzeko, bakoitzak bere estiloan.
2013 urtean Brankan taldea desagertu zenetik kontzertu gutxi eskaini ditu
Igor Larrinagak. Jose Pablo Arriagaren
Harria Gorde erakusketaren hasiera ekitaldikoa izan da jendaurrean egin duen agerraldi bakarra. Baina Izarbidean elkarteari laguntzeko antolatu duten egitasmoak indarberrituta kanta bat sortu du propio zapatuko kontzerturako, «Izarbiean elkarteko neska-mutilei eskainia»:
Ni eta zu Izarbidean. Horrez gain, Brankan taldeagaz egindako
Begi Bideak eta
Partikulak abestiak ere joko ditu.
Bartzelonatik zuzenean ailegatuko dela azaldu du
Haizea Martiartu saxofonistak. «Entzulegoa hunkitu asmoz», kanta bi joko dituela iragarri du: jazz-solul kanta bat alde batetik, eta euskal kanta ezagun bat jazz estiloan, bestetik. «Kontzertu polita izango dela uste dut eta ilusioz beterik nago». Hasiera batean lagunduta joateko asmoa bazeukan ere, azkenean bakarrik aterako da oholtzara. «Saio pertsonalagoa izango da».
Mikel Ansolaren eskutik, Musikeneko musikari batek ere parte hartuko du emanaldian:
Manuel Perez gitarristak. Perez izango da herritik kanpoko musikari bakarra.«Musikari bikaina da, eta gitarra klasikoa joko digu», aurreratu du Mikel Ansolak. Aitatu duenez, bere organuko atala eta Perezena izango dira kontzertuko klasikoenak.
Kontzertuko sarrera borondatezkoa izango da, baina kutxa batzuk jarriko dituzte sarreran entzuleek borondatea bota ahal izateko.
Emakume konpositore biren lanak taularatuko ditu, bestalde,
Emeki Koralak: gipuzkoar konpositore baten kanta euskaldun bat eta kantu ingeles bat. «Entzuleei momentu atsegin bat eskaintzeagaz gainera, gure aletxoa jarri eta herriko talde bati ekarpena egin nahi diogu», azpimarratu du Yolanda Loira zuzendariak.
Xemein Abesbatzak ere kanta bi abestuko ditu: Itoiz taldearen
Lau teilatu eta Pantxoa eta Peioren
Azken dantza hau. Fair Saturdayn parte hartzen duten bigarren aldia izango da aurtengoa. 2014ko lehen ekitaldian ere parte hartu zuten, eta horregatik, oroigarria jaso dute Gugenheim museoan egindako ekitaldian. «Bigarren proposamenari ere baiezkoa eman diogu zalantzarik barik», azpimarratu du Itxaso Jaio abesbatzaren lehendakariak.
Xemeingo Gazte Ahots Abesbatzako abeslari gazteak ere elkartasun kontzertuaren partaide izango dira. Ken zazpiren
Itxasoa gara abestuko dute.
“Alde teknikoak ere badauka bere garrantzia”, azaldu dute Luis Egurrolak eta Mikel Ansolak. Josu Egiak eta Mikel Unamunzagak jardungo dute lan horretan.
Kontzertuko sarrera
borondatezkoa izango da, baina kutxa batzuk jarriko dituzte sarreran entzuleek borondatea bota ahal izateko. Adin guztietako publikoa gonbidatu dute emanaldira. “Ez da sarri egoten artista hauek guztiak entzuteko aukera”, nabarmendu dute.