Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Santa Zezilia eguneko ikuskizunak eskainiko dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko musikariek

Urtero egin ohi duten legez musikarientzako egun bereziena dena ospatuko dute musikari eta musikazaleek. Santa Zezilia eguna aitzaki hartuta hainbat musika ikuskizun eskainiko dituzte zapatura arte Ondarroan, Markina-Xemeinen, Mutrikun, Berriatuan eta Lekeition. Aurten ere ohiko emankizunek edukiko dute garrantzi nabarmenena. Horiez gain, Berriatuan esaterako, txokolatada egingo dute musika eskolako ikasle guztientzako euren eguna ospatzeko. Mutrikun, ostera, euren eguna dela ospatzeko, Musika Eskola itxita egongo da bihar [azaroak 22].
Berriatuan eskainitako azken emanaldian parte hartu zuten Tarineko kideak. Argazkia: Tarine

Berriatuan eskainitako azken emanaldian parte hartu zuten Tarineko kideak. Argazkia: Tarine

Berriatuan eta Markina-Xemeinen Musika Eskolen Elkartetik sortutako Musikalean egitasmoa dago martxan eta horren barruan Zertzelada Musikala egingo dute. Euren asmoa musika kalera ateratzea da eta hori egingo dute Tarinekoek. Musika Eskolako txikienetik nagusietaraino dauden instrumentu guztiak aterako dituzte kalera eta euren emanaldia Musikalean abestiarekin amaituko dute. Berriatuko ekintzan 40 bat lagunek parte hartuko dute eta Markina-Xemeingoan, berriz, 80 musikarik. Mutrikuko musika Bandako kideek euren bazkide kanpainarekin aurrera jarraitzen dute eta zapatuko kontzertuan ere bazkide egiteko aukera egongo da 15 euroren truke. Gainera, bazkide egien direnen artean Kursaal jauregian egiten diren kontzerturen baterako bi sarrera eta afaria zozkatuko dituzte, bandaren hiru kontzertutako CDak jasotzeaz gain. Gaineratu dute aurten lehen aldiz Banda Txikiak eta Banda Handiak batera joko dutela azken abestia, “musikari gazte zein helduek elkarrekin ospatzeko musikarien eguna”. Antolatzaile guztiek azpimarratu dute ikuskizun guztietarako sarrera doan dela eta herritarrak herriko musikarien lanez gozatzera hurbiltzeko gonbidapenak luzatu dituzte antolatzaileek. EGITARAUA
  • Berriatua
    • Azaroak 22, bihar -17:00. Tarine musika eskolako kideek zertzelada musikalak eskainiko dituzte, Berriatuko udaletxe aurrean.
  • Lekeitio
    • Azaroak 22, bihar -19:30. Itxaropena txistularien kalejira herriko kaleetatik.
    • Azaroak 24, zapatua
      -12:30.  Lekitto Musika bandaren kontzertua, Nautika aurrean.
      -20:00. Aratuste Alai Estudiantina, kalez kale.
  • Markina-Xemein
    • Azaroak 22, bihar
      -18:30. Tarine udal musika eskolakoen kalejira Alde Zaharreko kaleetatik. Ondoren Kontzekuperantz abiatuko dira. Euria egiten badu bertan behera geratuko da ekintza.
      -20:00. Emeki Korala kalez-kale abiatuko da abestiak kantatuz.
    • Azaroak 24, zapatua
      -Iluntzean. Xemein Gazte Ahots Abesbatza arituko da lehenengo eta Xemein Abesbatza ondoren, biak Kontzekupean.
  • Mutriku
    • Azaroak 24, zapatua -13:00. Santa Zezilia eguneko musika bandaren ohiko kontzertua. Euria egiten badu kontzertua Komenduan izango da.
  • Ondarroa
    • Azaroak 24, zapatua
      -08:30. Ondarroako metal taldeak eta Ondarroako eta Debako txistulariek kalejira egingo dute.
      -20:00. Santa Zezilia eguneko kontzertua, Andra Mari elizan. Ondarroako metal taldeak, Unanue Kamara Koralak, Ondarroako txistu taldeak, Olatukantu abesbatzak eta Kantaize abesbatzak parte hartuko dute.
Markina-Xemein Emeki korala kantariak

Emeki koraleko hamasei abeslariak, Yolanda Loira zuzendariagaz batera.