Taldea sortu eta zazpi urtera, McOnakek hirugarren lan luzea argitaratu du: Gure naufragioak. Urtebete isilpean egon eta gero, zuzenekoetarako gogotsu daudela dio Joseba Iturraspe Mc Onak taldeko kideak
Zer dakar Gure naufragioak zuen hirugarren lan luzeak?
Taldearen bilakaera islatzen duen lana da. 2011n maketa bat atera genuen (McEta), gero Piraten matxinada etorri zen 2013an, eta horrekin bira bat egin genuen. Ostean Galarrena argitaratu genuen. Gero urtebeteko geldialdia egin dugu, isilpean lan berriak lantzen ibili gara. Eta horren ostean etorri da Gure naufragioak. Ulertu ahal da piratak matxinatu direla, galerna bat egon dela, eta hondoratu egin garela, eta naufragio horren ostean bueltan gatozela. Naufragioa aukera berri bat bezala ulertzen dugu.
Urtebetean mimo handiz egindako lana da?
Etenaldia eta gero bueltatzea adostu genuenean, bi aukera genituen: zuzenekoetan lehengo abestiak defendatzen atera edo abesti berriak landu. Azkenean bigarren aukeratik tira egitea adostu genuen, uste dugulako bizirik dagoen talde baten seinalea dela abesti berriak sortzea eta zuzenekoetan abesti berri horiek defendatzea. Hasieratik argi geneukan egingo genuen prozesua gu pozik geratzeko izango zela, eta emaitzagaz pozik geratu gara.
Disko berriko abesti guztiak, beraz, berriak dira.
Hori da. Hamar abesti berri egin ditugu. Kemen eta ni hasieratik gaude, eta ideiak lantzen ditugu. Eta gero, denon artean horiei forma ematen diegu. Beti lan egin izan dugu modu kolektiboan, eta orain ere horrela egin dugu.
Inspirazioa non bilatu duzue?
Gure inguruan ikusten dugunaz baliatzen gara. Gazte moduan mundua ikusteko eta mundua eraldatzeko ikuspegi bat daukagu. Lan honetan inguruan ikusten ditugun gaien gaineko kritika eta autokritika egiten dugu. Adierazpen askatasuna, genero askatasun eta berdintasuna, etorkinak…. jorratu ditugu. Abesti nostalgikoren bat ere jaso dugu.
Mc Onak taldeko kideak. Irati Irizar (biolina), Miguel Gutierrez (banjo), Joseba Iturraspe (ahotsa/gitarra akustikoa), Martzel Navarro (bateria), Beñat Zaton (trikitixa/akordeoia), Koldo Sanchez (bajua) eta Kemen Atxurra (gitarra elektrikoa). Argazkia: Aingeru Bidaurreta
Pil-pilean dauden gaiak ikutu dituzue.
Bai. Azkenean guk musika aisialdi moduan ulertzen dugu. Denok gara langileak edo ikasleak, ez gara musikatik bizi. Pil-pilean dauden gaiak hartu ditugu benetan sinisten dugulako abestien eta musikaren bitartez errealitatea aldatu ahal dela eta mezu bat helarazi ahal dugula.
Kolaboraziorik eduki duzue?
Abestien letrak McOnakenak badira ere, pare bat letratan kolaborazioak eduki ditugu. Alde batetik, taldearen sorreratik beti babestu izan gaituen Xabat Galletebeitiak Mundu aldrebesa abestiaren letra egin du. Eta Nere California abestiaren letran Amets Arzallusek lagundu digu; letra bikaina egin du. Instrumentu aldetik Irantzu Garamendik muxela sartu du abesti askotan. Iñaki Zabaleta Ken Zazpiko kideak trikitixa eta hammond-a sartu du beste abesti batzuetan, eta Audience taldeko Ager Insunzak ere bere ekarpena egin du.
Sutara bideoklipa diskoa argitaratu baino astebete lehenago argitaratu zenuten. Zer nolako harrera eduki du?Sutara diskoa zabaltzen duen abestia da. Zentsura eta adierazpen askatasuna jorratzen ditu. Gernika-Lumoko Iparragirre rock elkarteko bazkideak gara eta han entsegatzen dugu, eta bideoklipa ere han grabatu genuen. Hodei Izarra gure lagunak egin du, eta familiarteko grabaketa bat izan da. Jarri ditugun baliabideentzako, baina, emaitza oso ona izan da. Berez, asteon argitaratu behar genuen, baina Alfredo Ramirez amurrioarra askatu zutela eta, bera aske uzten zuten momentuan argitaratu nahi izan genuen. Alfredori ere gure babesa eskaini nahi izan genion. Horrez gain, diskoa sinatuta ere helarazi genion, esklusiban.
Zuzenekoetarako gogotsu egongo zarete, ezta?
Bai. Urtebetean lokalean sartuta egon eta gero, gogotsu gaude. Gure abestiak jendeari helarazi nahi diogu, eta ulertzen dugu horretarako modurik zuzenena zuzenekoak direla. Diskoa ondo dago, baina publikoagaz harreman zuzena edukitzea gustatzen zaigu. Dena dela, zuzenekoak neurriz egin nahi ditugu, mimoz egin nahi ditugu. Beraz, hilero pare bat kontzertu-edo eskainiko ditugu.
Lea-Artibai eta Mutrikun noiz eskainiko duzue lehenengo kontzertua?
Eskualde mailan ez daukagu oraindik datarik zehaztuta. Sukaldatzen ari gara, baina oraindik ezin dugu aurreratu. Azaroaren 30ean Anoetako gaztetxean ariko gara, gero Durangoko Azokan eta abenduaren 15ean Alegin. Abenduaren 29an Hatortxurocken egongo gara Atarrabian, urtarrilean barakaldo, Debako gaztetxean eta Bilboko Kafe Antzokian ariko gara. Eskualdeko kontzertuak aurrerago etorriko dira: Lekeitio, Ondarroa, Berriatua…
TALDEKIDEAK:
Kemen Atxurra (gitarra elektrikoa)
Joseba Iturraspe (ahotsa eta gitarra akustikoa)
Koldo Sanchez (bajua)
Miguel Gutierrez (banjo)
Irati Irizar (biolina)
Beñat Zaton (trikia eta akordeoia)
Martzel Navarro (bateria)
GURE NAUFRAGIOAK (grabaketak): Hasiera batean diskoaren maketa bat grabatu zuten Amorotoko Musikorta estudioan, Jota Navarro teknikariaren laguntzagaz. Gero, abuztuan, Usurbilgo Haritz Harregui estudioan Victor Sanchezekin grabatu zuten diskoa. Irailean Haritz Harreguik nahasketak egin zituen, eta azkenik, masterizazioa Bartzelonako Ultramarinos estudioan egin dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.