Eguaztenean [azaroak 21] hasi eta eguenean [azaroak 22] amaitu zuten Atlantic Geoparks europar proiektuko laugarren koordinazio batzarra, Euskal Kostaldeko Geoparkean. Koordinazio batzarrean
bost herrialdetako hamabi erakundek parte hartu dute: bederatzi geoparkek, geoparke izateko bi hautagaitzak eta unibertsitate batek.
Geoparkeko arduradunek azaldu dutenez, bileraren helburua izan da proiektuaren baitan egiten ari diren jardueren jarraipena egitea eta datozen hilabeteetara begira egingo diren
ekintzak zehaztea. “Proiektu honekin Europa Atlantikoko Geoturismo Ibilbidea osatuko dute, proiektuko diren lurraldeak lotuko dituena, eremu atlantikoko ondare geologikoa eta kulturala sustatzeko helburuarekin”.
Proiektuaren baitan, beste zenbait ekintza ere egingo dira: audiogidak hainbat hizkuntzatan, ibilbide geologikoak, geodibertsitatea modu birtualean esperimentatzeko web atari bat eta ikus-entzunezko bat, besteak beste.
Koordinazio batzarrean batutako ordezkariak. Argazkia: Geoparkea
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkearekin batera, honako hauek dira proiektuaren bazkide: Portugalgo Arouca eta Azores UNESCO Munduko Geoparkeak eta Trás-os-Montes e Alto Douro unibertsitatea, Erresuma Batuko Forest Fawr UNESCO Munduko Geoparkea eta North Pennies AONB elkartea, Irlandako Marble Arch Caves, The Burren and Cliff of Moher eta Copper Coast UNESCO Munduko Geoparkeak, Espainiako Lanzarote eta Chinijo uharteetako UNESCO Munduko Geoparkea eta Kantabriako Udalerri Iraunkorren Mankomunitatea eta Frantziako Armorique eskualdeko Parke Naturala.
Proiektua Europar Batasuneko Interreg Gune Atlantikoko programaren bidez finantzatzen ari da, eta egitasmoak UNESCO Geoparkeen Munduko Sarearen babesa dauka. Aurreikuspenen arabera, proiektua 2019ko azaroan amaituko dute.