Ekonomia sustatzeko marka berria eman du ezagutara Debabarrenak
Eskualdeko ekonomiaren hazkunde iraunkorra sustatzeko «asmo garbiarekin» sortu dute marka, eragile publiko eta pribatuen ekimenez. Markaren atzean industria alorreko 706 enpresa daudeBasque Precision Technology District deritzon eskualde mailako posi...
Eskualdeko ekonomiaren hazkunde iraunkorra sustatzeko «asmo garbiarekin» sortu dute marka, eragile publiko eta pribatuen ekimenez. Markaren atzean industria alorreko 706 enpresa daude
Basque Precision Technology District deritzon eskualde mailako posizionamendu marka aurkeztu du Debabarrenak. Eskualdeko ekonomiaren hazkunde iraunkorra sustatzeko «asmo garbiarekin» sortu dute marka, industria sarearen lehiakortasuna hobetuz, eta, besteak beste, doitasun teknologien, 4.0 industriaren, robotikaren eta automatikaren alde eginez.Hain zuzen zere, eskualdeko eragile publiko eta pribatuen ekimenez sortu da marka, bertako sektore industrialaren eta ekonomiaren sustatzearen aldeko apustua eginez. Aldi berean, marka berriarekin nazioarteko merkatuan eskualdearen gaitasun lehiakorraren posizionamenduan lagundu nahi dute. Markaren atzean, hain zuzen, industria alorreko 706 enpresa daude.
Mutrikurekin batera eskualdeko beste zazpi udalek sustatu duten hausnarketa prozesuaren emaitza da marka. Eskualde industriala izaten jarraitzearen aldeko ziurtasun osoarekin abiatu dute, eta Debabarreneko 2020rako Garapen Iraunkorrerako Estrategiaren eta iaz burutu zen 2022ra arte jarraitu beharreko lerro estrategikoen berrikuspenaren ondoren dator.
Industria bokazioa indartu
Juan Angel Balbas Debegesa garapen agentziaren arduradunak agertu duenez, «eskualdeak etorkizuna izango badu, industria bokazioa indartzetik eta Euskadin eratzen ari diren garapen gune ekonomiko eta sozialekin lotzetik etorriko da».
Debegesako arduradun nagusiaren hitzetan, nabarmentzekoa da eragile publikoen eta pribatuen artean modu kolaboratiboan lan egin izana. Adierazi duenez, «Basque Precision Technology District aukera ezinhobea da eskualdea nazioarte mailan inbertsioak erakartzeko lurralde erakargarri gisa kokatzeko».
Marka berriarekin batera, www.bptd.eus webgunea aurkeztu dute euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Debabarreneko ekoizpen baliabideak eta ahalmena erakutsiko dira bertan.
Proiektua Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak kudeatzen du, eta Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak finantzatu du.