Herrizaingo Sailak esan duenez, Ertzaintzak urte osoa darama lau pertsona ikertzen “behin eta berriz” ingurumenaren aurkako delituak egiteagatik. Zehaztu dutenez, babestutako marrazo espezie bat arrantzatzen ari dira (
Lamna nasus). “Arrantzatu, saldu eta dokumentuak faltsifikatzen ari dira”, esan du Ertzaintzak. “Ondarroako portuan izena emanda dagoen arrantza ontzi baten enpresaren aurkako diligentziak zabaldu ditugu, eta lau pertsona ikertzen ari gara”.
Ertzaintzak esan duenez, 2017 bukaeran jaso zuten salaketa baten harira hasi ziren ikertzen. “Salaketa harek jasotzen zuenaren arabera, Ondarroako arrantza ontzi batek debekatutako marrazo espezieak lehorreratzen zituen Ondarroan eta gero
marrazo hegalak saltzen zituen. Hori ez da legala”. Salaketan, baita ere, delitua egiten zuen arrantza ontziak marrazo espezie batzuk arrantzatzeko baimena zeukala jasotzen zuen. “Baimen horretaz baliatuz, babestutako espezieak ere harrapatzen zituztela zioen”.
Marrazoei hegalak kentzeko praktika finning bezala ezagutzen da. “Marrazoari hegalak kentzen dizkiote, eta berriro itsasora botatzen dute. Marrazoak hegalik gabe ezin duenez igeri egin, asfixiatu eta hil egiten dira. Eta Europar Batasunean praktika hori debekatuta dago 2013az geroztik”.
Salaketa jaso eta gero, Ertzaintza konturatu zen Euskal Autonomi Erkidegoan marrazoak arrantzatzeko baimena zuten bi ontzi zeudela; bi arrantza ontziak Ondarroakoak ziren. “Arrantza ontzi biak lokalizatu eta gero, bietako bati ikuskapena egin genion, eta babestutako marrazo espezie bat (
Lamna nasus) atzeman genion (20 marrazo)”. Azaldu dutenez, espezie hori “egoera kritikoan dago”, eta horren arrantzua mundu osoan dago debekatuta.
Arrantzontziko kapitainak, gainera, arrantzatutako marrazo espezie hori beste marrazo espezie bat bezala zeukan apuntatuta. “Hori dokumentuak faltsutzea da”.
Inputatuta daudenak patroia, enpresako kudeatzailea eta beste bi arduradun dira.
HONEKIN LOTUTA: Eguzkik salatu du Ondarroan debekatutako marrazo espezieak arrantzatzen jarraitzen dutela (2018-11-22)
Argazkia: Ertzaintza
Argazkia: Ertzaintza