Aste honetan aurkeztu dituzte 2019ko eskuz Binakako Txapelketan parte hartuko duten zortzi bikoteak, eta euren artean dago Andoni Aretxabaleta pilotari markina-xemeindarra. Titular jokatuko duen
hirugarren aldia izango da pilotariarentzat: Olaizolagaz jokatu zuen lehenengoa 2013an, Bengoetxea izan zuen bikote 2014an, eta Mikel Urrutikoetxeagaz ariko da hastear dagoen txapelketa honetan. Horrez gain, beste bitan ere eman ditu pilotakadak Binakakoan: Jon Ander Albisu ordezkatuz 2016an, eta Ladis Galarzaren ordez 2017an.
Andoni Aretxabaleta pilotari ematen.
Zorionez, azken txapelketako
lesioa erabat ahaztuta daukala azaldu du Aretxabaletak. «Bost hilabete eta erdi gogorrak pasa nituen, baina orain oso ondo nago. Uda amaieran ere eskuak oso ondo erantzun zidaten, eta horrek maila polita emateko aukera eman zidan». Belaunean molestiaren bat eduki duela aitatu du, «baina ezer garrantzitsurik ez». Herenegun bertan entrenamendu oso gogorra eduki zuen, eta pozik amaitu zuela dio.
Bere bikotea ere ez da ondo ibili osasun aldetik. «Urrutik ere gaixotasuna eduki du, eta beharbada oraindik ez dago %100ean. Baina Mikel %100an egon barik ere oso pilotari handia da, eta onena emateko gai da».
Bikote ona osatzen dute Mikel Urrutikoetxeak eta Andoni Aretxabaletak. «Oso
harreman ona daukagu, eta hori, kantxan eta kantxatik kanpo ere igarriko da. Balio erantsia ematen dio bikoteari». Markina-xemeindarrarentzat eskuz binakakoa urteko txapelketarik garrantzitsuena da, «eta topera aterako gara biok».
Aspaldian Aspeko pilotariak ailegatu dira finaletara, baina Aretxabaletaren ustez,
bolada txar bat baino ez da. «Guk badakigu gure lana ondo egiten ari garela, eta horrela jarraitu behar dugu, gurea egin eta besteei begiratu barik». Hala, bi bikote ikusten ditu faborito: Aimar Olaizola-Albisu eta Irribarria-Zabaleta.
Eskualdean jokatzeko gogoz. Urtero ekarri dute Markina-Xemeinera Binakako Txapelketako partidaren bat, eta aurten ere bertan jokatzea gustatuko litzaioke. «Argi dago eskualdean jokatzea berezia dela, are gehiago herrian». Abenduaren 21ean Lekeition jokatuko dute, «eta seguru beti bezala animorik ez zaigula faltako». Aretxabaletagatik balitz astero jokatuko luke inguruko herriren batean. «Jende asko hurbiltzen da, lagunak eta ezagunak, urrun jokatzen dugunean etortzerik ez duen jende asko. Giro hori aparta da. Ezin gara kexatu». Aurreko urteetako giro bera errepikatzea espero du oraingoan ere.