650 lagunek parte hartu dute Ziortza-Bolibarko Mendi Martxa
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Euriaren mehatxua ez zen izan aitzakia mendizaleentzako. Goizean goizetik batu ziren elizpearen aterpean gosaria hartu eta bideari ekiteko. Bizkor ibili ziren batzuk mendi bideetan zehar. Horrela, Arrasateko gazte bat martxa laburra hasi orduko helduta zegoela jakitera eman dute antolatzaileek. Erorketaren bat edo beste egon zen arren, ezer larririk barik, bakoitza bere martxan heltzen joan ziren mendizaleak frontoiko helmugara. Txistorra edo hirugihar pintxoak eta edatekoa eduki zituzten ibilbideari amaiera borobila emateko. Martxa luzekoek euri apurra eduki zuten, laburrekoek ostera, zorte handiagoa eduki zuten, eta irten orduko zegoen zirimiria ere atertu, eta giro ederrean osatu ahal izan zuten ibilbidea. Tarte batzuetan basa egon bazen ere, mendizaleak ziurtasunez aurrera egiteko neurriak ere hartu zituzten antolatzaileek. Esate baterako, basa zegoen aldapetan sokak jarri zituzten jaitsiera laguntzeko.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Balorazio ona. Mendi martxa egiteko talde handi batek lan egiten duela azaldu dute. Aranbaltzekoek, eta horiei guztiei “eskerrik beroenak” eman nahi izan dizkiete. Elkarteak momentuko balorazio positiboa egin badu ere, aurrerago balorazio zehatzagoa egingo dutela aurreratu dute. “Jendearen ekarpenak jaso ostean» esan dute. Hasierako balorazioak onak izan dira. Antolakuntzagaz “oso gustura” gelditu zirela eta bideko seinaleak “ondo eta argi ezarrita” zeudela azpimarratu zuten martxaren amaieran, besteak beste. “Pozik” zeuden bai eta opari modura jaso zuten motxilagaz ere.