Denok batera, indarkeria matxistaren kontra indarrak batuta
Emakumeek jasaten dituzten indarkeria guztiak salatzeko hainbat ekintza egin dituzte eskualdeotan. Errespetuan oinarritzen diren harremanak bultzatzeko deia egin duteEmakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna izan zen domekan, eta eskualdeotan emakum...
Emakumeek jasaten dituzten indarkeria guztiak salatzeko hainbat ekintza egin dituzte eskualdeotan. Errespetuan oinarritzen diren harremanak bultzatzeko deia egin dute
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna izan zen domekan, eta eskualdeotan emakumeek jasaten dituzten indarkeria mota guztiak salatzen dituztela aldarrikatzeko hainbat ekintza egin zituzten.Aulestin, Bermeon, Berriatuan, Busturian, Etxebarrian, Ean, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Lekeition, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Mutrikun, Muxikan, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren more kolorea hartu dute kaleek. Elkarretaratzeak egin dituzte batzuetan, eta manifestazioak besteetan.
Bermeon ekitaldi bateratua egin zuten herriko Sare Feministak, ikastetxeek eta udalak. Taraskan bilduta, bermeotarrek indarkeria matxistaren kontra daudela berretsi zuten. Ikastetxeetako ikasleek adierazpenak irakurri eta bertsoak abestu zituzten. Amaia Artetxe kazetari bermeotarrak gogoeta irakurri zuen, eta sare feministak performance bat egin zuen.
Emakumeek jasaten dituzten indarkeria mota guztiak ozen salatzen dituztela alkarrikatu zuten, «halakorik gerta ez dadin lan egiteko konpromisoa hartuz». Elkartasunean eta errespetuan oinarritzen diren harremanak bultzatu, eta elkarrizketan eta laguntasunean oinarritutako eredu eta mezuak erabiliko dituztela zehaztu zuten Bermeon.
«Komunikabideetan, historia liburuetan… gizonezkoen historia baino ez da erakusten. Emakumeok ikusezin bihurtuz, eta gutxietsiz. Emakumeok pairatzen dugun isileko indarkeria mota hau salatu nahi dugu. Bada garaia betaurreko moreak jarri, eta emakumeen memoria historikoa errekuperatzeko. Ezkutuan mantendu dena azaleratzeko», adierazi zuten ikasleek.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazpen instituzionala irakurri zuen udalaren izenean. Indarkeria matxistatik libre egongo den herri bat eraikitzeko konpromisoa dutela esan zuen. «Andrazkoek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko ezinbestekoa da esparru guztietan berdintasunezko harremanak bizitzea, eta parekidetasuna beharrezkoa dela ikustea».
Bidegurenek herriko datuak azaldu zituen. Aurten, Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak hamasei emakume artatu ditu. 21-50 urte bitarteko emakumeak; «eraren bateko erasoa sentitu dutenak». 2003tik hona, Euskal Herrian, indarkeria matxistak 98 emakume eta 11 ume hil dituela gogora ekarri zuen. «Zifra gogorrak. Benetako drama. Azken 20 urteotan, gure gizartean dagoen drama handiena dela esango nuke. Emakumeok, emakume jaio garelako, gizarte matxista honetan ez daukagu libre bizitzeko aukerarik? Eskubiderik? Noiz arte jasan behar dugu biolentzia fisiko, psikiko eta sexuala? Nahikoa da. Honen aurrean, indarrak batu behar ditugu. Borreroei tolerantzia zero eskaini behar diegu, eta biktimei gure enpatia eta sinesgarritasun osoa. Herri libre eta osasuntsu bat amestu eta merezi dugulako».
Emakumeei ahotsa ematea eta euren lekukotzei sinesgarritasuna ematea ezinbestekoa dela nabarmendu, eta «nik sinisten dut» esatea garrantzitsua dela aitatu du alkateak. «Arreta berezia ipini nahi diogu indarkeria matxistaren biktimek behar eta merezi duten erreparazio eskubideari. Bizi izandako indarkeriaren salaketaren eta emakumeen errelatoa entzutea eta zalantzan ez jartzea. Zalantzan jartzean, euren berba zikindu egiten da, bai eta askotan isildu ere. Halakoetan, gainera, biktimizazio bikoitza sufritzen dute; jasandako minari lotsa eta erruduntasuna gehitzen dizkiegu, eta erasotzaileak justifikatu».
Sare Feministaren ordezkariek gogora ekarri zuten ez dela «emakumeen kontua» bakarrik, «gizarte osoarena» baino.
Osoko bilkura bereziak
Berdintasuna eta emakumeen kontrako indarkeria gai izan zituen osoko bilkura berezia antolatu zuen Etxebarriko Udalaren Berdintasun Sailak eta Etxebarriko Manuela Zubizarreta Herri Ikastetxeak. Eskolako ikasleak izan ziren barikuan egindako osoko bilkurako protagonistak.
Berdintasuna oinarri hartuta, adierazpena egiten hasi zirenean ikusi zuten errealitatea azaldu zuten gazteek. Oraindik ere Etxebarrian andre eta gizonen artean ezberdintasun asko daudela konturatu ziren. «Gure herrian gauza asko aldatzeko daude, eta aldatzen hasi behar gara». Gizarte batek ondo funtzionatzeko etxeko lanak egin behar direla eta gizarte ongizatea bermatuta egoteko umeak eta nagusiak zainduta egon behar direla azaldu zuten, eta lan horiek guztiak emakumeek egiten dituztela azpimarratu zuten. «Gizartea konturatu egin behar da andreek egiten duten beharraren garrantziaz, eta aintzat hartu».
Gizonek emakumeek baino denbora gehiago dutela ere nabaritu zuten. Kargu politiko edo arduratsuak gizonezkoen eskuetan daudela ere esan zuten gazteek. «Andreek egiten duten lana ikusarazi eta euren talentua agertu egin behar da». Etxean bezala, baserriko beharretan ere andreek lan asko egiten dutela gaineratu zuten udaletxean. Horren guztiaren aurrean, Etxebarrian hobetu beharko litzatekeena proposatu zuten zinegotziek.
Lekeition ere, hirugarren urtez, osoko bilkura berezia egin zuten. Lekeitioko ikastetxeetako ikasleak egon ziren bertan, eta alkate, zinegotzi eta udal idazkariaren egitekoa bete zuten.
Beldur Barik lehiaketa
Mutriku BHI institutuko ikasleek egindako Alkarrekin proiektuak irabazi du Beldur Barik 2018ko 12 eta 17 urte bitarteko kategoriako lehen saria. Epaimahaiak lanaren mezu indartsua baloratu zuen, «estereotipo eta rol sexistei kritika sakona egiten dien kanta sortu dutelako».
Aurrera begira, sortutako abestia grabatzeko asmoa agertu dute. «Herri mailan hainbat ekimenetan erabiltzeko aukera eskaini nahiko genuke».
Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolako Laztana bideoak jaso zuen Beldur Barik lehiaketako parte hartzearen saria zapatuan. Udalerrian, baina, barikuan banatu zuten lehiaketako sari lokala. San Fidel Ikastolako Gure Egunerokoa lanarentzat izan zen barikuko sari nagusia. Onintza Enbeitak oraindik emakumeek lasai ibiltzeko «esfortzua» egin behar dutela esan zuen ekitaldian.
Ondarroan ere banatu zuten sari lokala. Zubi Zahar herri ikastolako DBH4ko ikasleak dira irabazleak. Epaimahaiak hala erabakita, Naizena naizelako lanak irabazi du. Bisit Beiro Badiola berdintasun zinegotziak esan zuenez, Ondarroako gazteak geroz eta kontzientzia handiagoa garatzen ari dira. «Guretzat hori da saririk handiena».