Nerea Ibarzabal finalera sailkatu da
Markina-xemeindarrak Igorreko finalerdia irabazita lortu du finalerako txartela. Onintza Enbeita muxikarra bigarren sailkatu da. Lekeition lehiatuko dute azken finalaurrekoaBizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa irabazita, Nerea Ibarz...
Markina-xemeindarrak Igorreko finalerdia irabazita lortu du finalerako txartela. Onintza Enbeita muxikarra bigarren sailkatu da. Lekeition lehiatuko dute azken finalaurrekoa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa irabazita, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra abenduaren 15eko finalera sailkatu da.Domekan Igorren jokatu zuten finalaurrekoan 514 puntugaz nagusitu zen, eta Onintza Enbeita muxikarra bigarren sailkatu zen, 497,5 puntugaz
Ibarzabalek eta Enbeitak elkarregaz hasi zuten saioa. Zortziko handian saio ederra osatu zuten; bikote harreman batean gurasotasuna izan zuten bertsogai.
Hamarreko txikian bildu zituen puntu gehien Ibarzabalek. Oihana Bartragaz espetxe politika eta sakabanaketa izan zituzten hizpide. Eta puntu erantzunean, sei bertsolarien artean berak jaso zituen puntu gehien.
Enbeitak zortziko txikian jaso zituen puntu gehien; Malen Amenabarregaz aritu zen, autoa aparkatzeko argibideak ematen. Hamarreko txikian, aldiz, Beñat Ugartetxeagaz osatu zuen bikotea, eta errefuxiatuen gaia izan zuten hizpide.
Bakarkakoan, gai honi lotutako bertsoak egin behar izan zituzten sei bertsolariek: Gaur arte gogor defendatu izan dozu. Orain, zalantza sortu jatzu. Markina-xemeindarra justizian sinisteari utzi dion emakumearen azalean sartu zen, eta muxikarra, berriz, ezkonduta dagoen gizonezko bategaz harremana duen emakumearenean.
Zortzikotea, erabakitzear
Zapatuan lehiatuko dute azkenengo finalaurrekoa, eta orduan argituko da aurtengo finaleko zortzikotea. Hiru finalaurrekoetako irabazleak zuzenean sailkatu dira finala jokatzeko, eta beste bost finalistak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Gaur gaurkoz, Xabat Galletebeita lekeitiarrak egin du emaitzarik onena, 503,5 puntugaz, eta bigarren Enbeita dago, 497,5 puntugaz biak 2016ko finalera sailkatu ziren.
Bertsozaleek Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian daukate hitzordua zapatuan. 17:00etan hasiko da saioa, eta oholtzara igoko diren sei bertsolarien artean, Busturialdeko bi daude: Ander Elortegi natxituarra eta Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra (azken hori 2016ko finalean egon zen). Aipatu bi bertsolariekin batera, honako hauek ariko dira Lekeitioko finalaurrekoan: Etxahun Lekue, Jone Uria, Txaber Altube eta Arrate Illaro.
Lekeitiorako sarrerak zein finalerakoak www.bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitezke. Zapatuan 16:00etan zabalduko dute txarteldegia.