Ondarroako eguneko zentroak belaunaldiarteko programa ipini du estreinako martxan. Programara batu diren lehen ikasleak Zaldupeko LH5ekoak izan dira. Programa berritzaileari esker, eguneko zentroko egoiliarrek eta ikasleek
hainbat jarduera egingo dituzte elkarrekin, bi urtez jarraian.
Topaketaren helburua, hain zuzen, pertsona nagusiek duten potentziala gazteekin elkarbanatzea da. “Gazte eta pertsona nagusien arteko topaketa hauen bitartez, gazteei zahartzea moduko ezinbesteko errealitate batera hurbiltzen zaie, baina ikuspuntu positibo eta natural batean oinarrituta”.
Belaunaldi bien arteko harremana landuta, trebetasunen garapena eta
baloreen berreskuratzea lantzen dituzte, gainera. “Saio hauen eskutik balio unibertsalak partekatu nahi ditugu. Adiskidetza, elkar laguntza, tolerantzia edo aniztasuna errespetatzea, besteak beste”.
Peregrina Esperon, Ibon Irazabal eta Leire Perez gaurko saioan parte hartzen
Ikasleak eta egoiliarrak
bi astetik behin batuko dira eguneko zentroan, eta ordubeteko saioak egingo dituzte. “Aurretik eguneko zentroko psikologoak eta gizarte langileak diseinatutako eta Zaldupeko irakasleekin koordinatutako tailer desberdin bat egingo dugu martitzen goizetan”.
Azpimarratu dutenez, tailer bakoitzak
helburu zehatz bat edukiko du landuko den gaiaren arabera. Jarduerak, gainera, ikuspuntu entretenigarri, dibertigarri eta parte hartzaile bati egokituta egongo dira. Besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: emozioak, balioak, desberdintasunekiko errespetua, baterako ikaskuntza eta historia eta ingurua ezagutzea. Proiektuagaz amaitzeko, txango bat egingo dute guztiek batera.
Gaur [azaroak 27] egin dute lehen saioa eta bertan parte hartu duten hamazazpi ikasleak eta hamahiru egoiliarrak pozik agertu dira. Elkar ezagutu eta
bizipenak partekatzeko aukera eduki dute, hain zuzen.
Belaunaldiarteko programan parte hartu duten ikasle eta egoiliarretako batzuk, gaur, Ondarroako eguneko zentroan
Talde txikietan banatuta, ikasleek hamahiru galderez osatutako galdeketa arin bat egin diete egoiliarrei. Non eta noiz jaio ziren, etxean zenbat kide ziren, ume sasoiko zelako oroitzapenak dituzten, denbora librean zer egiten zuten, edo gerra garaia bizi izan zuten galdetu diete, besteak beste. Amaitzeko, elkar hobeto ezagutzeko psikomotrizidade ariketa bat egin dute denek batera.
Ikasleek zein egoiliarrek gustura amaituko dute gaurko saioa, eta esperientzia
errepikatzeko gogoagaz geratu dira. Egoiliarrek nabarmendu dutenez, esperientzia oso polita izan da. “Ez dakiten gauza asko erakutsi ahal diegula uste dugu”. Denak ere pozarren ibili dira, eta nahi izanez gero, ikasleak egunero bisitan joatera gonbidatu dituzte.