Janari bilketak egingo dituzte Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Ondarroan
Bilketak hiru herrietako komertzioetan egingo dituzte, barikuan eta zapatuan (azaroak 30 eta abenduak 1). Mutrikun Elikagaien Bankuak antolatuta egingo dute bilketa, Markina-Xemeinen Caritaseko kideek antolatuta eta Ondarroan Danonartin elkarteak bultzatuta. Ondarrutarrek, gainera, bilketa egiteko boluntarioak behar dituztela esan dute. Laguntzeko prest daudenek ondoko telefono zenbakira deitu behar dute: 685 76 92 89.
Mutrikuko Elikagaien Bankukoek zehaztu dutenez, Gabonen aurretik urtero egiten duten bilketa da. “Gure helburua da gutxien dutenek Gabon duinak eta zoriontsuak ospatzea. Helburu horri jarraituz egiten dugu janari bilketa”. Mutrikuarrek herriko 21 establezimendutan egin ahalko dituzte ekarpenak. “Denetariko jakiak eta produktuak erosi eta gero, establezimenduan ipinitako otarrean utzi ahalko dute”. Otarrez gain, itsulapikoak ere ipiniko dituzte. “Diruarekin Elikagai Bankuko kideok janari freskoa erosi eta banatzen dugu”.
Establezimendu handietan ere janari bilketa egingo dute. “Mutrikuren kasuan DIAn egingo da bilketa. Horretan batzen dena Bergarara eramango da, eta gainerako herrietan bildutakoarekin batera, Debabarrenan behar gehien dutenei banatuko zaie”.
Iaz, esaterako, Mutrikun 1.280 kilo janari eta produktu eta 1.119,15 euro bildu ziren. “Elikagaien Bankuko kideek eskerrak eman nahi dizkiegu kanpaina honetan parte hartu duten edota hartuko duten mutrikuarrei eta establezimenduei. Horiek guztiek elkarteak ezarritako helburua betetzen laguntzen dute”.