25 urteren ostean, errugbi ligako partidu bat jokatuko dute Mutrikun
Mutriku Errugbi Taldekoek partidu historikoa jokatuko dute Txingudiren aurka zapatuan [abenduak 1], Mutrikuko San Migel futbol zelaian. 10:00etatik aurrera, txiki mailako ligaren lehen jardunaldia ikusteko aukera izango dute errugbizaleek.
Taldeko ordezkariek azpimarratu dutenez, gainera, 14 urtez azpikoek jokatuko duten partidua berezia izango da. “25 urteren ondoren, errugbi ligako partidu bat ikusteko aukera egongo da berriro Mutrikun, nahiz eta beste kategoria batean izan”.
Partiduari dagokionez, nagusi mailakoen modura banatuta jokatuko dute. Mutrikuko hamabost neska-mutilek Txingudiko beste horrenbesteren aurka neurtu beharko dituzte indarrak berdegunean. Hori bai, partiduko zatien intentsitatea ez da nagusien bestekoa izango da. 25 minutuko bi zati jokatuko dituzte.
Partidua amaitu ondoren, markagailua edozein dela ere, hirugarren denboran batuko dira bateko eta besteko jokalariak. Ohi modura, San Migeleko terrazan mokadutxo bat giro onean jateko aukera edukiko dute.