21. Korrika: Garesetik Gasteizera, euskarari 'klika' egitera
Beste behin, sekretuz eta misterioz beterik dator euskaltzaleen biurteko hitzordu berezienetakoa. Azaroaren hasieran argitu zuten leloa eta omendua Txillardegi izango zela, eta atzo jakitera eman zuten kanta. Klika KORRIKA 2019 izenburupean sortu du Fermin Muguruzak (abestiaren eta bideokliparen zuzendari artistikoa da). Elkarlana, errespetua eta transmisioa bezalako mezuak zabaldu nahi dituzte abestiagaz.
[20. KORRIKA Lea-Artibain eta Mutrikun: BIDEOA+ARGAZKIAK]
Mad Muasel, La Furia eta Muguruza bera dira interpreteak, eta musika, berriz, Kataluniako Chalart58 eta Muguruzak berak sortu dute elkarlanean. Abesti indartsu eta berritzaile modura aurkeztu zuten atzo. Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahastu dituzte. Asier Amondo Korrikaren arduradunaren berbetan, AEKren eta Korrikaren “filosofiari jarraiki”, talde lana lehenetsi dute lan horretan, aurreko Korrikaren kantagaz egin zuten moduan. Bideokliparen grabazioa ere horren adibide da; izan ere, 100 lagunek parte hartu dute. Amondok nabarmendu duenez, bi mundu irudikatu dituzte kantan, “talka adeitsuan”. Euskaraldia bete-betean dela aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia, eta Korrikaren arduradunak ez dio izkin egin gaiari: “Ferminek Klika egin zuen bere garaian, eta Belarriprest izatetik Ahobizi izateko jauzia egin zuen. Horrek eta bere esperientziak bultzatu gintuen beragaz harremanetan jartzera eta abesti honen enkargua egitera”. Ibilbidea, abenduan. Ibilbide zehatza jakiteko apur bat itxaron beharko da oraindik. Izan ere, abenduan emango dute ibilbidearen berri, eta orduan argituko da Mutrikutik eta Busturialdeko herrietatik zein egunetan eta ordutan pasatuko den.[20. KORRIKA Lea-Artibain eta Mutrikun: BIDEOA+ARGAZKIAK]
Alabaina, apirileko hitzordua ailegatu aurretik, AEKri eta Korrikari ekarpena egiteko modu asko egongo dira. Esate baterako, Korrika Laguntzailea martxan dago. 12 euroren truke, Korrika Laguntzailea izatea zehazten duen pina jaso, eta horren truke hamaika abantaila eta deskontu eskaintzen ditu zenbait merkataritza eta ostalaritza lekutan. AEKren euskaltegietan eskatu daitezke pina, txartela eta katalogoa. Era berean, nahi izanez gero, Internet bidez ere egin daiteke eskaria. Halaber, negozioren bat dutenek katalogoan sartzeko aukera eskaintzen dute webgunearen bidez ere. “Gure euskaltegietan Korrika Laguntzaile egiteko aukera ematen dugu, eta Durangoko Azokan AEKren postuan ere aukera egongo da”.Iazko azaroan zendu zen Julen Kaltzada, 20. Korrikan; bera da ekimena abiaratu zuenetariko bat.