Mutriku eta Deba batzen dituen zubia desmuntatu eta berreraikitzeko
larrialdiko lehen faseko lanek aurrera jarraitzen dute. Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatuak, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak eta Pedro Bengoetxea Debako alkateak eguaztenean [azaroak 28] bisitatu zituzten lanak, eta aurreratu dutenez, oinezkoen pasabidea martxoan zabalduko dute.
Duela aste batzuk hasi zituzten lanak, eta orain, Mutrikuko ertzetik Debako ertzeraino joango den
tamaina handiko egitura osagarri metaliko bat ari dira jartzen zubi gainean, lehen eta hirugarren zutabeen gainean, uztailean kolapsatu zen gangari eusteko. Era berean, oinezkoen sarbide bat ipiniko dute Mutriku eta Deba lotzeko. “Egitura jarri ondoren, elementu metaliko batzuk botako dira azpitik arriskuan dauden gangei eusteko, egitura osagarriaren laguntzarekin. Horren segurtasuna bermatu eta baldintzak egokiak direla egiaztatu ondoren, bi alboetarako sarbideak muntatuko ditugu, jendea pasa dadin”, adierazi du Iñaki Peña ingeniariak.
Debako alkatea, Mutrikuko alkatea eta Denis Itxaso zubiko egitura berriaren azpitik igarotzen. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
150 urte baino gehiago dituen zubia
uztailaren hasieran hasi zen hondoratzen. Denis Itxasok azpimarratu duenez, ezohiko obra konplikatu bat egin beharko dute zubia berreraikitzeko. Lanak egiteko erabiliko duten metodo berritzaileak, hain zuzen, zubi bat XIX. mendean zelan eraikitzen zen erakutsiko duela gaineratu du Itxasok. “Lehenik eta behin, zubia finkatu egin behar dute, eta hortik aurrera, zubia
piezaz pieza eta harriz harri desmuntatu beharko dute. Pieza guztiak ondo katalogatu eta zenbatu ondoren, gorde egin beharko dira, eta zutabeak lurreztatu; gero, zubia berriro eraiki beharko dute jatorrizko planoaren arabera”.
Mutriku eta Debako alkateak pozik agertu dira obraren garapenarekin. “Poliki, baina, lanak aurrera doaz”. Aldi berean,
pazientzia eskatu die zubiaren aldeko eta besteko herritarrei. Behin baino gehiagotan gogorarazi dutenez, oso arriskutsua da une honetan zubitik igarotzea. “Mutriku aldeko auzotarrei esaten diet autobusa hartzeko, eta pazientzia pixka batekin ibiltzeko. Zubia edonoiz erortzeko moduan dago, eta ez ibili zubitik batetik bestera”.
Erakundeetako ordezkariak eta obra zuzendariak, Mutriku-Deba zubian. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia