Sindikatuak salatu duenez, Bizkaiko Metalgintzako Mahai negoziatzailean FVEM Bizkaiko metaleko patronalak ez du sektoreko langileen lan baldintzak duintzeko gogorik agertu. Hala, Bizkaiko metaleko hitzarmena blokeatuta dagoela esan du. Egoera zelan dagoen agertu eta blokeoa salatzeko, LABek elkarretaratzea egin du gaur [azaroak 30] Etxebarriko Nemak enpresaren aurrean. “Nemak Bizkaiko metaleko patronalaren parte da, eta ondorioz, negoziazioa trabatuta egotearen arduraduna ere bada”.
Elkarretaratzea egiteaz gain, LABekoek euren eskaerak jasotzen dituen eta blokeoaren arduraduna Nemak ere badela adierazten duen
eskutitza eman diote Etxebarrian kokatutako enpresako arduradunari. HITZAri agertu diotenez, Nemakeko arduradunak eskutitza onartu die. “Eskutitza jaso duela ziurtatzen duen agiria eman digu”.
LABen ustez industria orokorraren arloan “mozkinak eta ekoizpenak handitu” diren garaian aitzakiak amaitu egin behar dira. “Horregatik aldarrikatzen dugu hitzarmenak sektoreko langileak jasaten ari diren arazo nagusiei aurre egin behar diela”.
LABeko kideak, Etxebarriko Nemak enprearen aurrean.
LABen ustez
hitzarmen berriak ondoko baldintzak jaso beharko lituzke: Sektoreko langileen soldatak eguneratzea, behin-behineko kontratuak murriztea, ABLE (Aldi Baterako Laneko Enpresak) bidez egindako kontratazioak ezabatzea, azpikontratetako beharginen subrogazioa, emakume gehiago kontratatzea eta soldata arrakalak txikitzeko neurriak sustatzea, egungo baldintzak ez okertzea eta lan erreformaren aurkako neurriak hartzea.
Momentu honetan LAB negoziazio mahaitik kanpo dago, Bizkaiko metaleko patronala ez dagoelako prest sindikatuak proposatzen dituen baldintzak negoziatzeko
FVEM proposamen horietatik oso urrun dagoela diote. “
Negoziazio mahaitik horregatik atera gara. Hitzarmen duina lortzeko, LABek
antolamendua, mobilizazioa eta borroka bultzatuko ditu”. Dena dela, sindikatuak proposatzen dituen baldintzen inguruan negoziatzeko aukerarik egongo balitz,
negoziazio mahaira itzuliko liratekela diote, “bide horretatik aurrerapen mamitsuak jasotzeko aukerak sortu ahalko ziren eta”. Baina patronalak baldintza horiek negoziatzeko jarrerarik hartzen ez badu, “borrokaren bultzadaz” jarrera hori hartu beharko lukeela diote.