Beste urte batez, frontoian elkartu dira etxebarritarrak San Andres Eguna [azaroak 30] ospatzeko. Arratsaldeko lehen orduetatik hasi dira lanean, iluntzeko afari meriendarako talo eta txerrikiak prestatzeko. Talde handia ibili da lanean aurten ere, tartean gazte batzuk ere bai, erreleboa hartzen joateko prest. Txistorra, odolostea, urdaiazpikoa eta talo pila prestatu dituzte, eta janari gozo usaina zabalduaz joan da frontoian zehar. Umeen jatordurako puntu-puntuan zegoen jatekoa, bai eta postrerako gazta, irasagarra eta intxaurrak ere.
San Andres jaietako kartel lehiaketako parte hartzaileak.
Batzuek prestaketa lanetan jardun duten bitartean, beste batzuk jolaserako aukera eduki dute. Herriko txiki eta gaztetxoek egurrezko jolasekin gozatu dute. Elkarregaz, banaka edo gurasoekin ibili dira era guztietako jokoetan: txalaparta txikiagaz, bizikleta gainean, puzzleak egiten, diaboloagaz…
Karta jokoan ere egin dute gazte eta nagusiek. 16 urtetik beharko gutxiago animatu dira aurten Briskara, adin horretatik gorakoak izan dira gehiago. Partida eztabaidatuak izan dira, eta beraz, uste baino luzeago joan da jokoa. Azkenean Gandixa aita semeak nagusitu dira 16 urtetik gorakoen mailan, Rubio eta Etxabe gelditu dira bigarren, Alain eta Jokinek lortu dute hirugarren postua eta laugarrenak Alaitz eta Maialen geratu dira. 16 urtetik beherakoetan, berriz, Ekain eta Alain izan dira irabazleak eta Aitana eta Xuban geratu dira bigarren.
Etxebarritarrak taloak prestatzen iluntzeko afari-meriendarako.
Briska txapelketako sari banaketaren ostean banatu dituzte bai eta ere, San Andres Kartel Lehiaketako sariak. Arrate Zarandona eta Idoia Odriozola zinegotziak parte hartzaile guztiak deitu dituzte, eta banan banan oparia jasotzen joan dira.
50 herritarrek parte hartu dute aurtengo kartel lehiaketan, eta ohi bezala, lau mailatan banatuta egon da sariketa. Hurrengoak izan dira irabazleak:
Alain Ibarzabal (0-5 urte);
Ekain Ugalde (6-9 urte);
Haizea Agirre (10-16 urte) eta
Arantzazu Ugalde (16 urtetik gora).
Frontoiko obrak direla eta, aurten, kartel lehiaketako marrazki guztiak arkuetan barik kantxako horman egon dira ikusgai. Horien ondoan jarri dituzte bai eta ere, Gazte Asanbladak antolatutako
argazki lehiaketako argazkiak. Zeuden guztien artean lau gustukoenak bozkatu behar zituzten herritarrek, gero, onespen handiena lortzen dutenak egutegi bat egiteko erabiliko dituzte.
Ospakizun nagusia gaurkoa izan bada ere, bihar [abenduak 1] Euskara Eguna ospatuko dute jaien egitarauaren baitan.
Euskarazko hitzik politena lehiaketako sariak banatuko dituzte hasteko, eta t
xotxongiloak egongo dira ondoren, kultur aretoan.
Triki-kantu-poteoa ere edukiko dute herrian zehar. Domekan [abenduak 2], berriz, Amets Txurruka Lagunartiek antolatutako ume eta gazteentzako
mendi bizikleta zirkuitua egongo da.